Lezoko Udalak Klima Bai! lehiaketan parte hartzera animatu ditu herritarrak
Gipuzkoako Foru Aldundiak aldaketa klimatikoaren gainean sentsibilizatzeko eta horren aurka trebatzeko martxan jarritako lehiaketa da Klima Bai!.

Klima aldaketaren inguruan kontzientziatzeko abiatu dute lehiaketa.
Lezoko Udalak Klima Bai! lehiaketan parte hartzera deitu ditu herritarrak, komunikabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi duenez. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamentuak antolatutako lehiaketa da, eta herritarrak klima aldaketaren gainean sentsibilizatzeko zein horren aurka trebatzeko helburua du.
Txapelketak zazpi ekintza eremu ezberdintzen ditu, hala nola: energia, elikadura, ehungintza, ur hondakinen kontsumoa, mugikortasun iraunkorra eta biodibertsitatea. Esparru horien bitartez «herritarren eguneroko ohitura horiek nola eralda daitezkeen hausnartu nahi du».
Lezoko Udaleko Trantsizio Ekologikoko eta Ingurumeneko zinegotziak ezagutarazi duenez, udalak izena eman du txapelketan dagoeneko. Izan ere, tokiko administrazioek emango dute izena lehiaketan eta ondoren, herritarrek ekimen honetan parte har dezaten lortu beharko dute. Izena emateko interesa duten lagunek Klima Bai! izenpeko aplikazioa jaitsi edo ondoko webgunera jo dezakete horretarako.
Sariei dagokienez, lehenak 40.000 euro jasoko ditu; 20.000 euro bigarrenak; eta 10.000 euro hirugarrenak.