[Elkarrizketa] “Hegan egiteari utzi genion, habiara, etxera, bueltatzeko”
Laboaren ‘Txoria txori’ doinuz, Iker Murilloren ibilbidea koreografia bihurtu du haren bidelagun Vitali Safronkinek: «Sortzen nuenean negar egiten nuen». Pieza hori erakusketa eta bideo bihurtu dute.
Mikel Laboaren Txoria txori doinua eustazpi, Iker Murilloren jardunbide profesional nahiz handitze pertsonala itxuratu nahi izan ditu haren bidelagun Vitali Safronkinek koreografia bidez. Nazioarteko dantzarien sorkuntzak «inolaz ere» espero ez zuten interesa piztu du dantza pausoetatik harago, produkzioak erakusketa eta bideo forma ere hartu duelarik.
Zer topatuko du ikusleak ikus-entzunezko sorkuntza aurrean duenean?
VITALI SAFRONKINE: Gure akademian [Studio24] lanean ari nintzela, berehala inspiratu ninduen Ikerren ibilbide profesionalak. Mikelen [Laboa] doinuarekin, bere karrera irudikatu nahi izan nuen, dantzari gazte bat nola bere familia, lagun eta erroak utzita 15 urterekin Alemaniara joan zen bere ikasketak osatzera, txori batek habia uzten duen bezala, dantzarekiko maitasunagatik.
Hori da ikusten dena, nola txori txikia handi bihurtzen joaten den, dantzari internazional nagusi egin, eta etxera bueltatzen den arte.
Nola hartu du horrek erakusketa forma?
IKER MURILLO: Dena eransten joan da; hasiera batean elkarrizketa sinple batetik jaio zen ideia. Galdetu zidaten zer nuen egiteke, zer desio nuen, eta nik erantzun nuen Txoria txori abestia niretzat eta familiarentzat oso garrantzitsua zela, eta gustatuko litzaidakeela Vitalik doinu hori koreografiatu zezan nik dantza utzi aurretik; arantza hori nuen barruan. Hor gelditu zen gaia.
Handik denbora gutxira, Mikel Laboa Katedratik deitu ninduten. Elkarrizketa ikusi eta gurekin kolaboratu nahi zuten; askatasun osoa eman ziguten: haiek finantzatuko zutela gure sorkuntza eta libre ginela nahi genuen forma emateko.
Hortik Inge Mendiorozekin [ikus-entzunezkoaren zuzendaria] jarri ginen harremanetan.
V. S. : Lucia Lacarrarekin Gure Ametsa izeneko ballet gala egiten dugu, eta printzipioz horretarako izango zen pieza, bertan dantzatzeko. Konfinamendua heldu zenean, baina, argi ikusi genuen formatu horretan ezingo genuela egin, eta erabaki genuen bideo forma ematea.
I. M. : Katedrak argazkilari batekin jarri gintuen harremanetan [Nagore Legarreta] eta gauzak gutxika osatzen joan ziren. Grabaketa egitea erabaki genuenean, lekua ere topatu behar izan genuen [Leitzarango basoak eta Donostiako Akelarre hotela]. Itsasoa eta mendia ikusi behar zirela argi izan genuen uneoro.
Zergatik kokaleku horiek?
V. S. : Abestia irudikatzeko txoria basoan egon zedin nahi nuen. Bukaeran, Iker basoan agertzen denean, dantzarien top-era heldu dela erakutsi nahi da. Bertan, hegoak [soinean daraman lumazko txalekoa] kentzen dituenean orain dela sei urte hartu genuen erabakia islatzen da: hegan egiteari utzi genion; habiara, etxera, bueltatzeko.
Vitali Safronkine: «Orain dela sei urte hartu genuen erabakia islatzen da: hegan egiteari utzi»
Emaitza ikustean, jarraipena emateko beharra sentitu zenuten.
I. M. : Vitaliri otu zitzaion erakusketaren ideia. Bideoa ikustean, esan zuen: ‘Hau ezin da hemen gelditu’.
V. S. : Hasiera batean uste genuen egindakoa, egin genezakeen gehiena zela; katedraren webgunerako zen, Mikelen urtemuga oroitzeko, eta momentu horretan aukerak oso mugatuak zirelako, ezin zen inolako ekitaldirik egin. Eszenatokira eraman nahi nuen dantza, beharbada abeslari baten zuzeneko saioarekin, baina hori guztia ezinezkoa zen. Harago joateko gogoz gelditu ginen, eta lortu dugu: Donostiako erakusketa, orain, Bilbora eta Gasteizera eramango dute.
Lana agertokietara eramateko asmoak hor jarraitzen du?
I. M. : Ideia hor dago, bai. Gure Ametsa galaren bigarren ekitaldia egiteko asmoa dugu, pandemiagatik bertan behera gelditu baitzen.
Zein esanahi du zuretzat [Iker], pertsonalki, pieza honek?
I. M. : Abesti honek bizitza oso bat darama nirekin; nire osaba Manuren abestirik gustukoena zen, beraz, esangura handia du niretzat [Manu Badiola Otegi pasaitarrak Himalaiako Makalu mendiko gailurra egin eta beherakoan bizia galdu zuen. Hilabete honen hasieran 30 urte bete dira ordutik].
Esan daiteke oinordetzan jaso dudan abestia dela Laboarena, eta egia esan, kanpoan bizi izan dutenek bakarrik ulertu ohi dute zenbateraino sumatzen duzun zure sustraien falta atzerrian zaudenean. Urte luzez, ezin izan dut euskal abestirik entzun; saihesten nituen doinuak, gaizki pasatzen delako, mingarria da.
Gure abestiek oroitzapen asko dituzte atzean: haurtzaroa, familia, etxea… Horrek sorrarazten dizun nahigabea ekiditen ahalegintzen zara. Ederra da, bai, atzerrian bizitzea, baina errealitate gordina du ezkutuan; hor kanpoan bakarrik zaude.
Nola lotu dituzu [Vitali] txoria eta Iker?
V. S.: Bizi izan dut, hein handi batean, Ikerren prozesu guzti hori, eta bat-batean, irudikatu nahi nuen ibilbide hori bertan zegoen, abestiaren hitzetan.
I. M.: Zintzoki, ez da erraza izan hain gertutik ukitzen nauen abesti bat koreografiatzea, hitz horiek lantzea.
V. S.: Koreografia sortzen ari nintzenean, negar egiten nuen. Ikerri pausoak erakusten nizkionean, biok egiten genuen negar.
Hitzekin gogora zetozkigun kanpoan eman izan ditugun urteak, lekuak, momentuak, bizipenak… Asko dago hor atzean; Ikerrek bideoan hegoak kentzen dituenean, momentu hori oso hunkigarria da niretzat, ikusten dudalako nola askatu zen. Bost urte generamatzan etxera bueltatzeaz hitz egiten, eta erabakia hartzea, askatzea, hego horiek uztea, ez zen erraza izan.
Koreografia laburra da, hiru minutukoa, baina ibilbide luze bat islatzen du; hain egon gara barruan, non guretzat oso bizia eta esanguratsua den emaitza. Biok izan gara honen parte, historia hori bizi izan dugu.
Iker Murillo: «Ederra da, bai, atzerrian bizitzea, baina errealitate gordina du ezkutuan: hor kanpoan bakarrik zaude»
Orain, etxean eta etxetik, nola irudikatzen duzue etorkizuna?
I. M.: Hona etorri ginenean, ideia argia genuen [Studio24]. Nik hartu nuen, hobeto esan, behar nuen, urte sabatiko bat. Egon garen azken konpainian oso erantzukizun handia izan dugu, bira asko, lan handia…
Vitalik hainbat lan egin zituen denbora horretan, galaren bat ere egin genuen atzerrian, baina denbora behar nuen familiarekin egon, nire burua argitu eta pentsatzeko.
Gero, poliki, lekuak bilatzen hasi ginen eta hau [akademiaren aretoa, Antxon] topatu genuen. Ez zen erraza, zutaberik gabeko toki bat behar genuelako, bakoitzarentzako espazio bana izango zuena, dimentsio jakin batzuetakoa… Proiektu txiki bezala jaio zen, atzerrian ikasitakoa etxean irakasteko, eta hazten joan da; bosgarren ikasturtea da.
Aurretik egin izan duzuenarekiko oso lan desberdina da oraingoa.
I. M.: Izugarri bestelakoa; orain haurrak dira, nagusiki, gure dedikazioa.
V. S.: Orain ez dugu hainbeste denbora mugitzeko, baina guk jada bidaiatu dugu bidaiatu beharrekoa, orain hona ekartzen ari gara.
I.M.: Beste etapa bat da; dantzari etapa bukatzen ari da, eta orain irakaskuntzaren unea da.
Argi duzue bukatzen ari dela, orduan.
V. S.: Goi mailako dantzari moduan, bai.
I. M.: Tira, dantzari beti izango gara, baina bai, bide horretan ari gara.
V. S.: Kontua da etapa hori ixten urteak daramatzagula [barre egin du], baina kosta egiten da, beti daude proiektu berriak, proposamenak…
I. M.: Bartzelonan lagun bat dut esaten didana: ‘Arraioa, Murillo! Oraindik jarraitzen duzu?’ [barreak]. Azkenean, zure interesekoak diren proiektuak ateratzen doaz, eta ezin ezetz esan. Beti daude proposamen interesgarriak.
Baina bai, nik urte pare bat gehiago ematen dizkiot nire buruari, eta listo. Gainera, oso asebete geratu naiz. Nahi izan dudan guztia dantzatu dut, bidaiatu dut, eta harro bukatu nahi dut bidea. Pertsonalki, nahiago dut goian bukatu, lurra jo eta utzi behar izatea baino.