Elkarrekin bizi diren hamaika hizkuntza solasean jarriko dituzte
Hizkuntzen Topagunetik sortutako Hizkuntzak Solasean taldea aurkezteko irratsaioa antolatu dute gaurko Lekuona Fabrikan. Udalerrian elkarrekin bizi diren hizkuntzak ikusgarri egitea da helburua.
Hizkuntzak Solasean taldea aurkezteko zuzeneko irratsaioa egingo dute gaur arratsaldean Lekuona Fabrikan. Pausomedia elkarteak gidatuta Errenteria-Oreretan elkarrekin bizi diren hizkuntzei tartea emango diete iniziatibaren bidez; askoz gehiago badira ere, gaurkoan, horietako hamalau hizkuntza entzun ahalko dira. Hizkuntzen Topagunea, udalak duela urte batzuk martxan jarritako egitasmoa dago Hizkuntzak Solasean taldearen atzean. Taldearen helbururik behinena hizkuntza eta hiztun horiek elkarrekin harremanetan jartzea da, konfiantza eta konplizitate eremua sortzea, hizkuntza ezberdin batetik eguneroko berdin bati aurre egin behar dioten herritarrei eskaintzeko. Hala zehaztu du iniziatibaren xedea Jose Ramon Gurrutxaga Txokolo-k, Kultura Aniztasunaren, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren azpisaileko zinegotziak.
«Egunero gure herrian nahasten diren hizkuntza horiek guztiak harremanetan jartzea garrantzitsua iruditu zitzaigun, ez ikuspegi akademizista batetik, oso bestelako batetik baizik. Garrantzitsua iruditu zitzaigun bakoitzak bere hizkuntzatik nola bizi duen egunerokoa partekatzeko aukera izatea, transmisiorik ba ote dagoen hausnartzea: armeniar batek, adibidez, nola bizi duen bere ama hizkuntza seme-alabekin. Arrazoiak ezberdinak badira ere, euskararekin garai batean debekua ezarrita geratu zen bezala, kanpotik heldutako hizkuntzak ere beste arrazoiengatik etxe barruan gelditzen dira», azaldu du Gurrutxagak.
Lekuona Fabrikako Herritar Plazak hartzen ditu Hizkuntzak Solasean taldearen topaketak. Egin zuten lehenean, hamar hizkuntzetako beste hainbeste hiztun elkartu zirela gogorarazi du Gurrutxagak: «Erantzun polita izan zen kopuru aldetik, baita bertaratutakoek erakutsitako jarreragatik eta gogoarengatik ere». Arabiera, erromania, ukraniera, wolofera… Helburua, solasaldi talde horretan hizkuntza guztiek lekua izan dezaten da, eta momentuz denak ez badira batu ere, bada urrats bat.
Hizkuntzak partekatzeko beharra
Behin harremanetan jarri eta konfiantza giroa sortuta, euren hizkuntzak gainontzeko herritarrekin partekatzeko beharra sumatu zuten parte hartzaileek. «Horren harira erabaki genuen gaurko irratsaioa egitea, egunerokoan gure herrian nahasten diren hizkuntza horiek ikusgarri egiteko jendartean».
Hizkuntza ahoskera eta idazkeratik harago doala argi utzi du Gurrutxagak: «Hizkuntza kultura da, negarra, poza eta beharrak azalerazteko tresna. Hizkuntza izaera da, norbanakoa eta kolektiboa. Asko kolonizatutako herriak dira, eta frantsesa eta ingelesa hitz egiten badute ere, ama hizkuntza harrotasunez gorde eta erabiltzen dute. Hizkuntz aniztasuna, kultur aniztasuna bezalaxe, aberastasuna da gure herriarentzat».
Hamalau lagunek hartuko dute parte gaurko irratsaioan (17:00etan hasiko da), bakoitzak bere ama hizkuntzan egingo du, euskara bizkarrezur dutela; Pausomediak euskaraz bideratuko du saioa.
Egunerokoan ondoan badira ere, oharkabean doazen hizkuntza eta kultura horiei merezi duten lekua, aitortza eta protagonismoa emateko irrati saioa izango da gaurkoa, irekia. Aurrera begira, erronka ugari dituzte herriko hizkuntzek. Tariq muzdahir, blahopoluchnyy Shlyakh, o cale prospera… Bide oparoa.