Aniztasuna aukera bihurtzeko topagunea
Jatorri anitzeko familien arteko topaguneak sustatzeko, Ongi Etorri Eskolara proiektua martxan jarri du Udalak.
Ongi Etorri Eskolara proiektua abiatu berri du Errenteriako Udalak. Atzo eman zuen horren berri, proiektua, proba pilotu gisa hartuko duen Koldo Mitxelena Herri Ikastetxearen jolastokian. Helburua: jatorri anitzeko familiak, etorri berriak, edo aurretik herrian bizi direnak, harremanetan jartzea eskolaz kanpoko aisialdi garaian eraginda zehazki, elkar ezagutu, harreman sareak zabaldu, eta herriko bizitzan murgil daitezen.
Parte hartzaileen artean, kultur aniztasunaren balioak partekatuko dituzte.
Parte hartzaileekin, hainbat jarduera komunitario antolatuko dituzte proiektuaren barruan, gainera, eta udalak zein udalerriko elkarteek antolatutako ekintzen gaineko informazioa jasoko dute, eta bertan parte hartzea sustatuko da proiektuaren bidez. Gidaritza, Elkarrekin Kooperatiba Txikiak egingo du; elkarte horrek, azken urte hauetan, Ongi Etorri Eskolara proiektua Gipuzkoako hainbat herritan landu du.
Esperientzia pilotua, Koldo Mitxelenan
Koldo Mitxelena Herri Ikastetxean jarri dute martxan jada proiektua esperientzia. Izan ere, ikastetxe honek luzatu zion proiektua herrira ekartzeko proposamena udalari, kultur artekotasunaren lanketan urrats garrantzitsua izan daitekeelakoan. Familien izen ematea hasita, urtarrilerako bikotetzeak eginak izatea aurreikusi dute. Ikastetxeko zuzendaritza eta irakasleria, zein Koldokide Guraso Elkartearen ekarpenak funtsezkoak izango dira proiektuaren gauzapenean.
Kultur aniztasun handia biltzen du bere baitan Koldo Mitxelena Herri Ikastetxeak.. Esperientzia pilotu gisa abiatu dute proiektua bertan, baina asmoa, herriko haur eta lehen hezkuntzako sei ikastetxeetara zabaltzea da ikasturtean bertan, datozen urteetan egonkortzeko. Hori bai, Hezkuntza komunitate bakoitzaren testuinguru eta ezaugarrietara moldatuko da programa, beraz, forma ezberdina hartu dezake bakoitzean errealitate horren arabera.
Itziar Ostolaza Hezkuntza zinegotziak, proiektua herri hezitzailearen bidean urrats bat gehiago dela esan zuen, “horren aldeko hautua egina du udalak, eta proiektu honen bidez pausu bat gehiago emango du. Oraingoan etorri berriak diren haur eta familiengan jarri du begirada udalak. Balorean jarri nahi dugu komunitatea josteak duen garrantzia, herri kohesionatua sustatze bidean”.