Sahatsa borda eraistearen kontrako elkarretaratzea egingo dute ostegunean
Gurutze Santuaren plazak jasoko du mobilizazioa, 19:15ean. Deitzaileek militarrik gabeko mendiaren aldeko aldarria zabalduko dute.
Azabaratzan zegoen Sahatsa borda eraitsi zuten militarrek atzo (astelehena), Guardia Zibilaren zaintzapean. Hori arbuiatzeko, elkarretaratzea egingo dute Lezoko plazan osteguneko 19:15ean. Jaizkibel herriarena. Sahatsa bizirik! Militarrak alde hemendik! leloarekin mamitu dute bilkura. Atzo bertan, txabola eraisteko hondeamakinak sar zitezen pistak zabaltzen aritu zirela salatu dute, eta bi lagun identifikatu zituztela: “Militarrak haien kontra oldartu dira”.
Goizeko gertakarien harira, asanblea egin zuten atzo arratsaldean bertan Lezon. Han erabaki zuten osteguneko mobilizazioa egitea. Deitzaileek zehaztu dutenez, atzokoa ez zen lehen aldia borda botatzera joan zirela, hilabete inguru saiatu zirelako deusezten. “Herriko gazteak han zirenez, txabolatik irteteari uko egin zioten. Gazte haien eta hara joandakoen desobedientziari esker militarrek ospa egin zuten”. Ustez, eremu militarrean dagoelako ezabatu nahi izan dute auzolanean eraikitako etxola.
Iturri berberek adierazi dute saiatu direla eraiste agindua zertan zen jakiten, eta hainbat ate jo zituztela informazio hori jasotzeko. Pasaiako eta Lezoko udaletara jo zuten argibide bila, baita Espainiako Armadarekin harremanetan jarri ere. Ez zuten inolako erantzunik jaso.
Atzoko asanbladaren deitzaileek deitoratu dute Azabaratzako eremu horretarako sarbideak maiz ixten dituztela militarrek. “Lezon herri mugimenduak askotan salatu ditu militarrek Jaizkibelen naturari egindako txikizioak, eta txabola botatzeak berriz ere jartzen du agerian okupazio indarrak Jaizkibeldik eta Euskal Herritik ateratzeko premia”.