Udalak ez die tasarik kobratuko aurten ostalariei terraza eta mahaiengatik
2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra arte, %100eko hobaria aplikatuko du udalak ostalaritza sektoreko terraza eta mahaitxoen tasan.
Terraza eta mahaiak jartzeagatik udalari ordaindu beharreko tasa osorik barkatuko diete aurten ostalariei. Pasaiako Udalak %100eko hobaria aplikatuko du aurten ostalaritza sektoreko terraza eta mahaitxoen tasan. Ordenantza fiskal horren aldaketari hasierako onespena ematea erabaki zuen udalbatzak hilaren 7an egindako osoko bilkuran.
Bestela esanda, udalerriko ostalaritza establezimenduetako arduradunek ez dute ohiko ordainketarik egin beharko 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra arteko epean kaleko zerbitzu horiek eskaintzeagatik.
