Arditurriko bide berdea sustatzeko milioi bat euro
Gurutze Oiartzungo kaskoarekin lotuko duen ardatz berria egin, eta Errenteria-Oreretan AP-8 eta AP-1 azpian dagoen bidegorri eremuan hobetze lanak egingo dituzte.
Egun garrantzitsua izan dela gaurkoa esan du Jexux Leonet Oiartzungo alkateak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza, eta Kontsumo Sailarekin hitzarmena sinatu dute Oiartzungo eta Errenteriako udalek, Arditurriko Bide Berdeko korridore turistikoa sustatzeko. Horretarako, 1.000.000 euro jasoko dituzte eta lanak 2022an eginda izatea aurreikusi dute. Oarsoaldea Garapen Agentziak Oiartzunen duen bulegoan egin dute agerraldia, eta hitzarmenaren sinatzea Javier Hurtado sailburuak, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, eta Jexux Leonet Oiartzungo alkateak egin dute. Agerraldi horretan izan dira, halaber, Jexux Mari Martiarena Lezoko alkate eta Miguel Angel Sanchez zinegotzia, eta Izaskun Gomez Pasaiako alkatea. Izan ere, bidegorriaren hobekuntzek Oiartzun eta Errenteria-Oreretari eragingo badiete ere, eragina izango du Oarsoaldean oro har, eta eskualderako plan estrategikoaren barruan jasota zegoen jarduketa hori, udal guztiek adostuta, gainera.
Berpiztu programaren barruko laguntza da hitzarmenaren bidez jaso dutena bi udalek.
Oiartzungo proiektuari dagokionean, ardatz berri bat egingo dute Arditurriko bidegorrian, Gurutze auzoa eta Oiartzungo kaskoa batuko dituena: “Hobekuntzak ere egingo ditugu bidegorrian”. Oiartzungo alkateak gogorarazi du bidegorria duela 30 urte egin zela: “Arditurriko meategietatik Pasaiara garai batean joaten zen trenbide zaharrak egiten zuen ibilbide bera baliatuta. Orduz geroztik bere izaera propioa hartzen joan da pixkanaka”. Ibilbidean, gainera, bi puntu garrantzitsu daudela nabarmendu du Leonetek: “Bi museo ditugu. Soinuenean musika tresnen museoa hor dago, baita Arditurriko meategiko bisita gidatuen ere. Batek zein besteak bisitari ugari jasotzen dituzte urtean zehar, Oarsoaldekoak zein Donostialdekoak”.
Mugikortasun iraunkorra ere sustatzen du bidegorriak, eta ideia hori ere mahai gainean jarri du Oiartzungo alkateak, “Oiartzungo auzo guztien arteko komunikazioa sustatzen du, baita Oarsoaldearekin ere, oinezkoentzat zein bizikletentzat”.
30 urtean zehar diru asko inbertitu dutela ere esan du Leonetek: “Bai aldundiaren zein Eusko Jaurlaritzaren laguntzekin eta Berpiztuz programaren diru lerro honekin urrats bat gehiago egingo dugu”. Oiartzunen eraikiko duten ardatz berriarekin, Aiako Harriarekin lotune berri bat sortuko dutela azaldu du Leonetek. “Horrek Beloaga gaztelua bisitarien eskura jarriko du bide berdearen bidez. Oarsoaldeak beharrezkoa duen azpiegitura garrantzitsu bat sustatzea lortuko dugu”. Eskerrak eman dizkie Leonetek Oarsoaldeko udaletako ordezkariei, baita Eusko Jaurlaritzari ere, “gai izan garelako halako jarduketa bat adosteko guztion artean, eta ziur naiz garrantzitsua izango dela Oarsoaldea osoarentzat”.
Oarsoaldea Garapen agentziak, gainera, tresna digitala jarriko du martxan proiektuaren barruan bide berdearen erabilera sustatzeko.
Oarsoaldeko plan estrategikoan jasota dagoen esku-hartzea dela Berpiztuzen diru laguntzaren bidez egingo dena nabarmendu du, bere aldetik, Aizpea Otaegik: “Oarsoaldeko plan estrategikoak eskualdeko lau udalen oniritzia du, bada beraz, udal ordezkari guztiok eskualdearentzat estrategikotzat jotzen dugu esku-hartzea”.
Errenteria-Oreretan, zehazki, AP-1 eta AP-8 bideen azpian gelditzen den eremuan izango da esku-hartzea: “330 metro luze, eta 23.500 metro koadro dituen eremuaz hitz egiten ari gara”, azaldu du Errenteriako alkateak: “Erabilera handiko eremu bat da, jende guztia bertatik pasatzen da, Arditurri, Oiartzun eta Errenteria lotzen ditu, eta aldi berean puntu iluna da. Ez du zerikusirik ingurune horrek eskaintzen duen kalitateak, gainontzeko bidegorriaren eremuek eskaintzen duten kalitatearekin alderatuta, eta beraz, hor esku-hartzea garrantzitsua ikusten genuen”.
Arditurriko bidegorriak Oiartzun-Donostia ardatza oso modu iraunkorrean lotzea ahalbidetzen du, Otaegiren ustetan: “Gure eskualderako, aisialdirako edota kirola egiteko oso eremu garrantzitsua da, eta gainera, beste baliabide asko eskaintzen ditu”. Errenteria-Oreretako Fanderiako burdindegia eta horren barruan errota zein Ibaiaren Etxea horren adibidetzat jarri ditu Otaegik. Arditurriko bidegorria estrategikoa dela, horrenbestez, Errenteria-Oreretaren zein Oarsoaldearen bizi kalitatea hobetzeko zalantzarik ez du: “Baina horrez gain, inguruak eskaintzen dituen beste baliabide askok oso aberatsa egiten dute bidea bera”. hGitzarmenak urrats kualitatiboa egiteko aukera emango duela esan du Otaegik. “Zentzu horretan eskerrak eman behar dizkiet eskualdeko ordezkari guztiei gai izan garelako proiektu hau adostasunez, lehentasunezkotzat jotzeko eta eskerrik asko Eusko Jaurlaritzari ere hitzarmenarengatik”.
Gaur sinatu duten hitzarmena turismo aktiboak sustatzeko eta balorizatzeko tresna izango dela esan du Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak. Laguntza, Lehentasunez Jarduteko Eremuetako turismo aktiboen planaren barruan kokatzen da. “Baliabide turistiko natural eta ondare kulturalaren baliabide gisa duen balioa indartuko da—esan du sailburuak— azken batean, bide berde bat hobetzea eta indartzea da helburua, bertako ekonomia, enplegua eta garapena bultzatzeko”.
Esku-hartze zehatza
Autopista azpiko eremuan zentratuko da Errenteria-Oreretan egingo duten esku-hartzea, eta bidea hobetzeaz gain, ibaiertz guztia bernaturalizatu egingo dutela azaldu du Otaegik. “Bertan atseden hartzeko zein bestelako jarduerak egiteko espazioa sortu nahi da, eta berreskurapen integrala proposatzen da. Errenteriako Udala eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmena 290.000 eurokoa da, aste honetan bertan lanak esleituko ditugu, beraz, berehala hasiko dira lanak. Herritarrek oso azkar ikusiko dituzte hobekuntzak”.
Oiartzunek 710.000 euro jasoko ditu, eta horietatik 40.000 euro dira tresna digitala garatzeko. Gainontzekoa ardatz berria egiteko da. Hilabete honetan proiektua esku artean izango dutela esan du Leonetek, “helburua da 2022an obra exekutatzea”.