Pasaitarrentzako Luzuriaga baten alde agertu da Donostiako Udala
Eraikina hiriburuko lurretan egotea "oztopo" ez litzakeela adierazi eta lankidetza eskaini dio Donostiako Ogasun zinegotziak Pasaiako Udalari.
Pasaiako EH Bilduk iragarri du, Donostiako alderdikideei esker, jakin ahal izan dela Luzuriaga fabrika administratiboki hiriburu hartako lurretan egotea ez litzakeela traba bat izango Pasaiako Udalak eraikina eskuratu nahiko balu. “Donostiako Udala ez litzateke oztopo izango Pasaiak Luzuriaga eraikina behar badu”, horrela erantzun zien Ogasun zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak (EAJ) joan den astelehenean EH Bilduk egindako galderei.
“Ez dugu zailtasunik jarriko”, aitortu zuen Dominguezek, “eta gure lankidetza eskaini besterik ezin dugu egin”. Harago joan ezin dutela argi utzi zuen jeltzaleak, izan ere, fabrika zaharra Donostian badago ere, bertako udalak ez du jabetzarik eraikin horren gainean, Luzuriaga Kreditu Ofizialeko Institutuarena (KOI-ICO) baita ia %90ean, eta Nafarroako Gobernuarena nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiarena gainontzekoan.
Adierazpen horiek, baina, berandu datoz. Azken udalbatzarrean PSE-EEk, EAJk eta Podemosek azokaren ordezko eraikin berri bat egitearen alde bozkatu zuten, horretarako aukera garbiena azoka berria Biteri plazan, elizari itsatsita, egitea izanik. EH Bilduk horren aurka bozkatu zuen, eta gogora ekarri nahi izan du, gaur, Luzuriagaren alde “informazioa biltzen eta dagokion tokian presioa egiten” jarraituko duela.
Aurretik emandako pausoak
Pasaiako EH Bilduk gogora ekarri du aurtengo otsailean Espainiako Gobernuak Kongresuan erantzun ziela eraikina saltzeko edo lagatzeko aukera biak “posible” zirela, Administrazio Publikoen Ondareari buruzko 33/2003 Legearen 8. artikuluan ezarritako printzipioak errespetatuz.
Hori esanda, Izaskun Gomezi zuzendu zaio koalizioa: “Inplikatutako administrazio nagusiak negoziatzeko prest daude, baina non dago Pasaiako alkatea?”.