10 kilometro
Martutene-Oiartzun. 10 kilometroko distantzia. 385-375. Gatazkarik dagoela ukatzen diguten herri honetan, biziki pozik ospatzen ditugu gatazka politiko-armatuaren ondorioen konponbidean emandako aurrera urratsak –oraindik gutxiegi eta motelegi doazela jakin badakigun arren—.
Uda aurretik, bazkalosteko postrea izaten ziren mugikorretara heldutako albisteak. Titular forman gehienetan, izen zerrenden bidez hurrengo minutuetan, segidan espetxeak eta izenak lotzeko ahalegina egiten genuen, eta mahaia uzterako gertuago sentitzen genituen. Oraingo honetan, asteartez iritsi zen berri pozgarriena gure herrira, Oiartzunera.
Plazan kantoia egiten duen estankoan, edota Landetxeko izkinan dagoen Correosen, gutun-azal eta paketeetan jartzeko Espainiako seiluak beharrean, ondoko hirira bidaltzeko seiluak erosiko ditugu. Iturriotzeko gasolindegian 385 kilometroko bidaiak egiteko depositua bete beharrean, autobus geltokira joango gara –oraindik deposito asko elkartasunez betetzeko ditugula jakitun—. Errepideko lerro etenak gauez ikustetik egunezko paisaiak bereizten diren bidaiak helduko dira. Euskal Herriko paisaiaren lagin eta lagun bat ikusiko da Martuteneko zeldatik.
Gaurkoan, 375 kilometro gertuago daukagu Joanes. Beti presente izan bazaitugu ere.
Eta badakigu, gure sukaldeetan aulki hutsak egoten jarraituko dute, motxiladun haurren motxila ez da desagertuko, Madril ez dugu oporretan ezagutu, Puertora bideko kafetegiari minez begiratuko diogu, preso guztiak etxeratzearen bidean mobilizazio-herri ekimen-dinamika-lanketa asko ditugu egiteke. Euskal Herriaren eta euskal herritarren fase oso bat dugu oraindik ixteke, pausu berri asko emateke.
10 kilometrora dugu Joanes. Hamar kilometro egin daitezke bizikletan. Hamar kilometro, lehenengo aldiz espetxeko bisita arrunta baino laburragoa izango da bidaia. Hamar kilometroz errazten dira bisitak. Hamar kilometrotan gutxitzen da ajea. Hamar kilometro ia-ia etxean da, baina ez da inola ere etxea.
Martuteneko espetxea-Oiartzun. Hamar kilometro. Oiartzun-Oiartzun. 0 kilometro. Etxea, etxekoekin.
Badugu zertaz poztu, baina Joanes etxera ekarri arte ez dugu etsiko. Eta harro eutsiko diogu maitasunaren apologiari.