Denek bizitzeko behar dutena bermatua izan dezaten
BGOE Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren alde aurkeztu duten Herri Ekimen Legegileari babesteko baliatuko dituzte sinadura horiek.
Sinadura bilketa egingo du larunbatean GOT Grupo Oarso Taldeak Niessen merkataritzaren sarreran. Mahaia jarrita, sinadurak biltzen ariko dira, denek, duin bizitzeko beharrezkoak dituzten gutxieneko baliabideak bermatuta izan ditzaten eskatzeko, 11:30etik 14:00ak arte. BGOE Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren alde aurkeztu duten Herri Ekimen Legegileari babesteko baliatuko dituzte sinadura horiek. Horren arabera, Gipuzkoa, Bizkai eta Araban bizi diren herritar guztiak jasoko lukete eta diru laguntza unibertsala litzateke.
Otsailaren 18an aurkeztu zuten Herri Ekimen Legegilea, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta proposatzeko. Pobreziarekin amaitzea da helbururik behinena, eta pertsona guztientzako eskubideetan aurrera egiteko tresna gisa aurkeztu zuten. 10.000 sinadura behar dituzte gutxienez Herri Ekimen Legegilea Legebiltzarrean eztabaidatu dadin. proposatzen duten errenta, baldintzarik gabea, unibertsala eta banakakoa da. Baldintzarik gabea, hura jasotzeko ez delako baldintzarik bete beharko, hiru hilabetez EAEn bizitzea soilik, erroldatuta izan ez edo ez. Unibertsala, bakoitzak dituen diru sarrerak kontuan izan gabe kobratuko litzatekeelako. Azkenik, banakakoa, pertsona bakoitzari ordainduko litzaiokeelako norekin bizi den kontuan hartu gabe.
Kopuruak hiru adin tarteetan banatu dituzte. Hala, 18 urtetik gorakoek edo adingabeak izanda independenteki bizi direnek, 900 euro jasoko lituzkete; 14-18 urte artekoak, 450 euro; eta 14 urte artekoak, 270 euro.
Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta Eusko Jaurlaritzak ordaintzea proposatu dute, eta horretarako zenbatekoa ere kalkulatu dute ekimen legegilea aurkezteko unean: BPG Barne Produkto Gordinaren %7 beharko litzateke bermatzeko oinarrizko errenta unibertsal hori bermatzeko.