Umorezko antzerkiaren azken bi obrak, larunbat eta igandean
Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldien 40. ekitaldia asteburuan bukatuko da, 'Save The Temazo' eta 'Ave, Osos!' lanekin. Antxo eta Donibanen emango dituzte.
Umorezko antzerkiz giroturiko aurtengo azken asteburua izango da hurrengoa. Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldien 40. urteurrena bi asteburutan ospatuko da, joan dena eta datorrena.
Hilaren 23an, larunbata, 19:00etan, Antxoko Gure Zumardian (edo euria egingo balu, Ibaiondon) Col.lectiu F.R.E.N.E.T.I.C. taldeak Save The Temazo kale ikuskizun valentziarra eskainiko du. Bertaratzen diren ikusleek, gainera, bideo baten grabaketan parte hartzeko aukera izango dute. “Hamar metroko altueran dagoen esperientzia, errealitatearen pertzepzioa aldatuko dizuna!”, hala aurkeztu dute.
Aurtengo jardunaldien azkena hilaren 24koa izango da, igandea, El mono habitado taldearen Ave, Osos! antzezlana, hain zuzen ere. Obra Juanba Berasategi aretoan eskainiko dute, 19:00etan, eta ezinbestean gonbidapena eskuratu beharko da bertaratu ahal izateko. Arduradunek aitortu dute merezimendu handiko lana dela, “ukitu jainkotiarra duen giza komedia zentzugabea”, eta ikusle mota guztientzat egokia.