Ahotsaren gorenera bidaia
Hogeita hamar urte bete ditu Landarbaso abesbatzak. Bide oparoa izan du, sari ugari jaso, eta nazioartean erreferentzia da. Pandemiak «ukitu» badu ere, ilusioz ekin dio ikasturte berriari.
Hiru hamarkada igaro dira elkartu eta abesten hasi zirenetik. Hogeita hamar gazte ziren, kantatzea zuten gogoko, eta abesbatza sortzea erabaki zuten. Ahotsen eskaileran gora egin dute, ziztu bizian gainera, hiru hamarkada horietan, eta gorenera heldu Errenteria-Oreretaren izena nazioartean zabaltzeraino. Esan daiteke Landarbaso abesbatza kantu koralaren nazioarteko erreferente bilakatu dela. Iñaki Tolaretxipik abenturaren hastapenean hartu zuen parte, eta egun, 30 urte pasata, abesbatzaren zuzendari izaten jarraitzen du. Harro darama kargua, eta horrek suposatzen duen lana eta ardura. Geroago heldu zen Maddalen Dorronsoro kantu abentura horretara; ikastaroen zuzendaria da.
Biek ala biek pasioa transmititzen dute Landarbasoz hitz egiterakoan, kantu korala aipatzerakoan, eta ziurrenik, hori da musika eragilearen ibilbide oparoaren gako nagusiena. Hasieretako garaira jo du Tolaretxipik; ez omen ziren garai errazak izan, eta haiena garaian herrian zegoen eskaintzatik ezberdina izanik ere, ez zela modu horretara ulertu uste du. «Ezaugarri oso bereziak zituen abesbatza sortu genuen, ganbera abesbatza da gurea». 18 urte zituen Landarbaso sortu zutenean Tolaretxipik, eta adin horrekin ezaugarri bereziak zituen bideari ekitea ez zela erraza izan dio. «Erronka ikaragarria izan zen. Abestea gustuko genuen hamabi lagun hasi ginen, eta berehala, 30 ginen».
Landarbasoren lehen mugarria 1993an heldu zen, Ejea de los Caballerosen (Aragoi, Espainia) antolatutako abesbatzen lehiaketan bigarren saria eskuratu zuenean: «Sari garrantzitsua izan zen guretzat, eta urrats erabakiorra». Hiru hilabete geroago, Getxoko Itsas Abestien Jaialdian bigarren saria eskuratu zuten berriro. Barre artean, garaiko anekdota ekarri du gogora zuzendariak: «Chiappucci [Claudio, 1980-1990ko hamarkadetan ezagun egin zen txirrindulari italiarra] deitzen gintuzten, beti bigarrenak sailkatzen ginelako». Bi urtera aldatu zen hori. Avilesko (Asturias, Espainia) nazioarteko abesbatza lehiaketan garaile izan zen Landarbaso. «Indarra hartu, abesbatzen munduan bide bat urratu eta nazioarteko lehiaketetara jauzi egin genuen», nabarmendu du Tolaretxipik. Urratsik garrantzitsuena 2001ean heldu zitzaien, Tolosako abesbatzen lehiaketan parte hartu zuten orduan. «Zazpigarren sailkatu ginen, baina parte hartzea izan zen garrantsitsua. Gipuzkoan une honetan 104 abesbatza federatu gaude, eta lauzpabostek baino ez dugu parte hartu Tolosan. Gu gara koru mistoen arloan saria eskuratu duen azken talde euskalduna, eta 2011n hirugarren saria lortu genuen polifonian. Exijentea da Tolosa, gogorra», zehaztu du Dorronsorok. Azken hamar urtean, Indonesia dago; Baliko Nazioarteko Abesbatzen Grand Prix lehiaketa irabazi zuen Errenteriako abesbatzak 2019an, nazioarteko 100 abeslari talde onenekin lehiatuta.
Sari handi horiez gain, erreferentzialtasuna eta pribilegiozko leku ukaezina du Landarbasok: Musikasten eta Donostiako Hamabostaldian urtero izaten da, Euskadiko Orkestrarekin aritzen da, eta hainbat disko ere grabatu ditu. Joan den hilabetean bertan bukatu zuen Xabier Leteren omenez egindakoa. Abenduan ikusiko du argia lan horrek.
Formakuntzan sakondu
Lehiaketetan ibiltzen bada ere, ez dela hori abesbatzaren lehentasuna azaldu dute Tolaretxipik eta Dorronsorok. Bigarrenak formakuntzan jarri du fokua, sinistuta baitaude hori dela arrakastaren giltzarri nagusiena, bakarra ez bada ere: «2005ean erabaki sendoa hartu genuen formazioan sakondu, eta ahots teknika lantzeko». Horri begira, abesbatzetako munduko pertsona esanguratsuenetako batzuk gonbidatu dituzte bide luze horretan Errenteria-Oreretara haiekin ikasteko. Beste kasu batzuetan Landarbasoko abeslarietako batzuk joan dira formazio hori «onenen eskutik» jasotzera: «Urtarrilean Janis Liepens Niessenera etorriko da abesbatzarekin lanketa egitera. Aurretik Maris Sirmais, Dina Grossberger, Helen Larson ere izan ditugu; musikan onenak dira eta herrian izan dira Landarbasorekin lanean».
Zalantzarik ez dute abesbatzaren bi ordezkariek: «Horrek hobetu du Landarbaso, prestaketa hori gakoa izan da. Lau pareta hauen artean gelditu izan bagina ez genukeen hobetuko hobetu dugun guztia». Abenduan Rigara (Letonia) doaz hainbat kide ahots teknika lantzera.
Nazioartean aritzeak, lehiaketetan aritzeko aukeraz harago, munduko beste abesbatzak ikusi eta haiengandik ikasteko aukera eman die. «Nik hori bezalakoa izan nahi dut, zer egin behar dut? Ikasteko entseguak ikustera joaten gara, galdetzen dugu… Oso pelmak gara», aitortu du Dorronsorok. Nazioartean lortutako saririk handienak, Indonesiako Grand Prixak, gainera, munduko beste hainbat abesbatzek Landarbaso erreferente gisa ikustea ekarri duela dio Tolaretxipik. «108 abesbatza aritu ginen bertan. Ikaragarria izan zen. Sari hori ez genuen espero, baina etxean da».
Instituzioen inplikazio eskasa
Landarbasoren hiru hamarkadetan zuzendari lanetan aritu da Tolaretxipi. Bide horri errepasoa eginda, pertsonen kudeaketa izan dela arlorik zailena dio: «Urtebete talde bat motibatua mantentzea zaila baina egingarria da. Baina 30 urtez motibazio hori mantentzea erronka da».
Instituzioei begira jarri da ondoren. Haiek ez dutela abesbatzaren bidea erraztu esan du, ahoan bilorik gabe: «Instituzioekin izan dugun harremana oso gogorra izan zen lehen hamabost urteetan; ez zuten gugan sinisten. Azken hamar urteetan udalarekin harremana guztiz aldatu da, eta hobera egin du». Mundu korala oso zabala da, eta zabaltasun horretan abesbatzak bere pisua duela diote bi ordezkariek: «Jasotako sariengatik, egiten ditugun proiektu ezberdinengatik, armonizazio ezberdinak kantatzeko gai delako… Horrek bere pisua du, herriaren izena munduan barrena eraman dugu: Txina, Japonia, Indonesia, Europako hainbat herrialde. 2019an 40 emanaldi egin genituen, eta pandemia testuinguruan, 19 egin ditugu; aintzat hartzeko kopuruak dira».
Beste anekdota baterako tartea hartu du Dorronsorok: «Esan daiteke, nazioartean, Errenteria errazago esaten dutela Tolaretxipi baino».
180 kideko familia zabala
Duela 30 urte, 30 lagunekin hasi zuen bidea Landarbasok; hasierako haietatik bost jarraitzen dute egun talde nagusian.
Hala ere, asko handitu da abesbatza. Une honetan, Landarbaso abesbatzan 42 lagun ari dira, Dizdizka gazte abesbatzan 28, eta Kontari haurren abesbatzan, berriz, 56. Musikarten 34 ari dira, gitarra abestu taldean 11, eta perkusioan bederatzi. Familia handia, eta Kontarikoak indartsu datozela nabarmendu dute: «Duela bost urte Landarbason jendea behar bagenuen kanpotik ekarri behar genuen. Gaur egun, badugu harrobia». Kontarin 8-15 adin arteko haur eta gazteak ari dira. «Ez gara abesbatza bat bakarrik, eta hori transmititzen dugu. Ahotsa instrumentu bilakatuta beste kutsu bat ematen saiatzen gara egiten dugunari. Kontarin istorioak kantatuz kontatzen ditugu. Ahots teknika on batetik hasita, gorputz adierazpena, eta mezu garrantzitsuak, egunerokotik gertu direnak lantzen ditugu».
Haiengan pandemiaren arrastoa ukaezina izan dela aitortu dute, bestalde. «Apatia» nabaria izan dela dio Dorronsorok: «Min sakona eragin du pandemiak, eta koralistak gehitu dituen talde bakarra Landarbaso izan da». Espazioari ere erreparatu diote. Igantzi kaleko 11 zenbakian dute egoitza, eta irisgarritasun arazoak ditu nahiz eta Urola plazatik gora doan malda eraiki duten orain: «Pandemia testuinguruan ezinezkoa izan dugu batera entseguak egitea, emanaldietan aritu soilik elkarrekin. Haurrentzat ere oztopoa da hona etortzea irisgarritasun kontuengatik; zer esanik ez, emanaldiak ditugunean, pianoa eta bestelako materiala hemendik atera eta berriro bueltan ekartzea».
Urteurrenari begirako egitaraua
Urteurrenari begira ideia mordoa izan badituztela esan du Dorronsorok, «proiektu ugari. Horiek, baina, pandemiaren araberakoak izango dira». Lehen hitzordua Musikasten izango du gaur bertan, Lekuona Fabrikan, 19:00etan Landarbaso abesbatzak. Kontari abesbatzak, berriz, azaroaren 20an Eva Ugaldek urteurrenaren harira haientzako sortutako obra estreinatuko du. Gazteen txanda helduko da hurrengo egunean, azaroaren 21ean: Dizdizka eta lagunak emanaldia eskainiko dute hainbat kolaboratzailerekin. Horiekin batera, beste hamaika proiektu, pandemiaren harira airean gelditu zirenak, berreskuratu nahi dituzte, eta nazioarteko gonbidapenak ere baditu talde nagusiak datorren urteari begira. «Horiek guztiak, baina, bizi dugun egoerak baldintzatuta daude. Beraz, poliki ikusten joango gara zeintzuk diren egingarriak».
Landarbaso hitz batekin definitzeko eskatuta, biak bat datoz: pasioa. Ikasturte berriari begira, berriz, bakoitzak desio bat utzi du airean: agertokian emozionatu nahi du Tolaretxipik, «orain arte, COVID-19arekin egin ezin izan duguna»; Dorronsorok, berriz, ilusioa berreskuratu ahal izatea desio du. Lortuko dituzten ikusteko dago. Ziurra dena da horretarako gogor arituko direla.