Igandean, 2016ko Guinness errekorra oroitzeko berriz ere plazara
Urriak bost igande dituelako, Muxiko Festa egingo dute Lezon. Duela bost urteko balentria oroituko dute, aldi berean. Dantza Lezoko plazara itzuliko da.
Lezoko Betizutik elkarteak deialdi oso berezia egin die Lezoko eta inguruetako dantzazaleei iganderako (hilaren 31rako): Muxiko Festa egingo dute. Berezia da batetik 2016ko Guinness errekorra (euskal dantzan kide gehien bildu zituena) oroituko dutelako, igandean beteko baitira horren bost urteak. Bestetik, pandemia aroa atzean utzi eta dantza berriz ere plazara itzultzeko eguna izango da. Hilabeteek bost igande dituztenean egiten dute Muxiko Festa Lezon. Urrian, hala izango da.
Igandean, 11:00etan hasiko dira Gurutze Santuaren plazako ekitaldiak, tailerrarekin. Ondoren, 12:00etan, hasiko da Muxiko Festa. “Zuetako askorekin disfrutatzeko izan genuen aukera hori oroitzeko, eta baztertuak izan ditugun agurrak emateko gogoz itxaroten zaituztegu! Hori bai, musukoarekin”, esan dute Betizutik-eko kideek.