AHTa geldiarazteko informazio martxa, larunbatean
Astigarraga-Lezo zatian AHTak eragingo lituzkeen kalteen berri emango dute larunbateko martxan. 09:00etan aterako dira, Martutenetik, Oarsoaldera etortzeko.
AHTaren kontrako protesta ekintza bat Oarsoaldean, artxiboko irudian. Oarsoaldeko AHT Gelditu elkarlanak informazio mendi martxa antolatu du larunbaterako (hilaren 30erako). Azpiegitura horrek Astigarraga-Lezo zatian izango lukeen inpaktuaren berri emango diete zuzenean parte hartzaileei, tokian tokiko lanak eta afekzioak nahiz kalteak azalduz, hainbat geldialdiren bidez.
Taldekideek zehaztu dutenez, lan horiek alegazio asko jaso dituzte inguruko herritarren partetik, baita hainbat elkarte nahiz udalen ekimenetik ere. “Oraindik ez dute erantzunik jaso. Trazatu horri Espainiako Gobernuaren hobespena jasotzea falta zaion arren, ikerketak oso aurreratuak daude eta zundaketa lana egiten hasi dira”. Ingurumen inpaktuaz gain, ekonomikoa ere aipatu dute AHTaren kontrakoek: 476 milioi euroko aurrekontua luke Astigarraga-Lezo zatiak, 50 milioi kilometroko.
Martxarako ordutegia zehaztu dute antolatzaileek. Honakoa da:
- 08:30. Lezo-Errenteriako tren geltokian gelditu dira, trenez Martutenera joateko.
- 09:00. Martxa hasi aurreko bilkura Martuteneko gasolindegiaren aurreko parkean.
- 11:00. Geldialdia Lau Haizetako Putzueta bidean.
- 12:00. Geldialdia San Markoko zabortegiaren sarreran.
- 13:00. Geldialdia Txirrita-Maleo eta Masti-Loidi industriaguneen arteko biribilgunean.
- 14:00. Zentolen inguruan geldialdia eta bazkaria Ezkontegin (norberak eramandakoa).
- 15:30. Geldialdia Mamut merkataritza gunean.
- 16:00. Geldialdia Audele-Mendi Gain inguruan.
- 18:00. Gaintxurizketako geltokian topoa hartuko dute hala nahi duten partaideek, euren herrietara itzultzeko.
