Belarri zorrotzak goxatzen
Ekainean sortu zuten Pantailak Euskaraz ekimena, euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentzia eskasari irtenbideak bilatzeko asmoz. Filmak eta telesailak behar ditu euskarak EITBn, online plataformetan eta zinema aretoetan, euskararen normalizazio tresna izan daitezen. Hori dute aldarri.
Badira bi hilabete Ander Larretxeak ere halaxe hasi zuenetik Berria-ko zutabea: «Euskarak, Euskal Herriak, sektoreak fikzioa behar du, biziraungo badu». Azken hiru urteotan euskarazko fikzioan ekoitzitako lanen zerrenda ere irakurgai segidan: EITBren Ihesaldia, Altsasu, Alardea, Etxekoak, Hondar ahoak, Beti mugan; eta EITBren zein EITBtik kanpokoen Pikuak, Tantaka, Kartzela, Gutuberrak, Puntu koma websailak, kasu. Arrakasta, ordea, arrastaka, nekez.
Lotuta dauden bi elementu nahasten dira bertan: finantzazioa batetik, kontsumoa bestetik. Lehenari dagokionez, euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa sustatzean, hedatzean, eta bikoizketa indartzean dago gakoa. 1991n 1.589 ordu euskarara bikoiztetik, 2013an 132 ordu bikoiztera igaro baitzen. Hala, ETB1en fikziorik apenas ageri bitartean, ETB2n ugaria da aukera. Bigarrena, aldiz, norberaren esku dago. Zuk ikusi. Sekula ez baita eskaririk gabeko eskaintzarik egongo.
Go!azen-eko (eta ziur naiz beste euskarazko hainbat saiotako) gidoiak gaztelaniaz idazten dituzten garaiotan, baina, bada argi izpirik. Uxue Amonarrizek, Aitor Altunak eta Uxue Bereziartuak ekoitzitako Belarri bero, bai esan? websaila kasu. Umorea eta sexualitatea ikuspegi feministatik lantzen ditu, gidoi zoragarri, eta Urtzi Urkizuren esanetan «elkarrizketetan hitz-jario fina, hitz joko irudimentsuak, hiztegi erotiko berritua» erabilita. Gertuko umoreak blaituta.
Behin irakurri nuen nire irakasle Josu Barambonesen ikerketa lan batean, ikus-entzunezko itzultzaile-egokitzaileek testuak itzultzeko garaian aurkitzen dituzten kosken artean, bat nabarmendu behar dela oroz gainetik: umorearen itzulpena. Hori dela eta, horietako batek hala zihoen: «Ni beldurrak ibiltzen naiz, hitzak asmatzea zilegi izango den, noraino asma dezakedan, umorea edo txistea aldatu bai ala ez, efektu bera sortu edo hitzei lotu…».
Horixe izan da, hain zuzen ere, websailaren abileziarik handiena: sexualitateari lotutako umorea (frankotan gaztelaniaz erabilitakoa) euskarara ekartzea, beharrezko aldaketak egitea, euskaraz sortzea. Era horretan, euskaraz jada sortutako hitzak hartu, eta zentzu erotiko bat eman dio websailak: txondor-plaza, olesa, babarrunak beratu, mausarra, potxingo-epela, eta hirumusa, esaterako.
Paperean ideia soil izatetik, pantailan proiektatzeko bideoa eduki arteko lanaldian, parte hartzaile guztien artean, produktuaren katebegi txiki-txiki bat besterik ez da itzultze-egokitzea. Aitor Salaberriari eta bioi egokitu zaigu lan hori aipatutako websailean. Plazera izan da gidoiaren zuzenketan parte hartu izana, ahozkotasunaren ezaugarriak kontuan hartuta, igorritako mezuak ahalik eta hartzaile gehienek ulertzeko modukoak egitea. Belarri zorrotzenak ere bero jartzea espero dugu.