Datorren urteko aurrekontua, aurrera, EH Bilduren ezezkoarekin
Oposizioko alderdien zuzenketak barne hartuta, 4 milioitan egin du gora datorren urterako aurreikusitako aurrekontuak, 24,5 milioira hazi delarik.
Atzo arratsean eginiko osoko bilkuran 2022ko aurrekontuen proposamena onartu zuten EAJ, PSE-EE eta Ahal dugu-Podemosek, EH Bilduren kontrako bozkarekin.
Izaskun Gomez alkatea asebete agertu zen lorturiko akordioekin, izan ere, udal gobernuak joan den hilabetean eginiko proposamenak oposizioko alderdien hainbat zuzenketa barne hartu baititu, 20 milioi euroko hasierako zifra 24,5 milioira hazi delarik.
Julen Rodriguezek Podemosen aldeko jarrera azaldu zuen: “Nahiz eta aurrekontua, guretzat behintzat, onena ez den, uste dut gure proposamenekin pasaitarren bizitzak hobera egingo duela”. Nabarmendu zuen, gainera, funtsezkoa dela pandemiak sorturiko testuinguruan alderdien arteko elkarlana sustatzea.
Loreto Osa bide beretik mintzatu zen. Eskerrak eman zizkien moreei, akordioak lortzeko “prestutasunagatik”, eta EH Bilduren babesa lortu ez izanagatik pena adierazi bazuen ere, “erabat sinetsita” agertu zen “borondate eta jarrera onez” elkarlanean ekingo ziotela urte berriari.
Bi argudio eman zituzten bilkideek ezezkoa arrazoitzeko: batetik, gobernuak uko egin izana aldundiak emandako diru guztia aurrekontuan erabiltzeari; eta, bestetik, euren hainbat proposamen ez onartu izana, besteak beste, Rabanne plaza sortzekoa, San Pedroko Kanpitxu kaleko errepidea urbanizatzekoa, edota Antxo eta Trintxerpeko bizilagunekin lan mahai bana sortzekoa, hurrenez hurren, Luzuriagari eta Zirizari buruz hausnartzeko.