Giza Eskubideen jardunaldia, bidea elkarrekin eraikitzeko
Giza Eskubideen jardunaldiak egingo dituzte hilabete osoan zehar, Eskuz esku eraikitzen da bidea lelopean. Honakoa, zazpigarren ekitaldia dute.
Giza Eskubideen jardunaldiak egingo dituzte hilabete osoan zehar, Eskuz esku eraikitzen da bidea lelopean. Honakoa, zazpigarren ekitaldia dute.
Gaur aurkeztu ditu udalak jardunaldi horiek. COVID-19ak derrigortutako agertokiari erreparatu diote; izan ere, indarra hartzen ari direla beldurrean oinarritu eta bere kabuz elikatzen diren desberdinenganako gorroto eta bazterkeria ardatz duten diskurtsoak jarri ditu mahai gainean udalak. Instituzioei ere tira die belarritik gaurko agerraldian, azken horiek unibertsaltasuna oinarri martxan jarri izan diren oinarrizko hainbat zerbitzu publiko ere kolokan jartzen ari direlako.
Hori horrela, jardunaldietan ezinbestekoa jo du udalak fokua bizitzarako, segurtasunerako, mugikortasun askerako, eta ongizaterako eskubideen gainean jartzea, eta justuki, ertz horiek biltzen dituzten hiru ilustrazio sortu ditu Maite Rosendak gaurtik herriko autobus markesinetan ager daitezen Giza Eskubideen Aldarrikapenarekin batera.
Nerabeei zer egin berezia jarri diete jardunaldien barruan, eta askatasunez mugitzeko eskubidearen gaineko hausnarketa sustatuko dute haien artean. Migrazio fluxuetan urratzen da eskubide hori, eta ez dugu tamalez, urrutira jo behar horren adibide praktikoaren berri egunero izateko. Irun bera da egoera lazgarri horren erakusleiho tristea egunero; muga ustez desagertu zen, baina gero eta gotorragoa azaltzen da bidean doazen migratzaileentzat Bidasoaren bestaldera igarotzeko saiakeran.
Eskubide urraketa ageriko hori lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dute herriko DBHko laugarren mailako ikasleek, arlo humanitarioan lanean diharduten Zaporeak, Irun eta Donostiako Harrera Sarea, Itsas Salbamendua eta ACNURrek beren lanaren berri emango dietelako.
Horretaz gain, hilabete osoan zehar luzatuko den egitarau oparoa ondu du udalak, antzerki, film eta hitzaldia barne. Ekitaldi horietarako sarrerak online, Lekuona Fabrikan edota ekitaldiaren egunean bertan hura hasi baino ordubete lehenago eskuratu ahalko dira Niessen Kulturguneko leihatilan.
Egitaraua
- Hilak 8, asteazkena: Kontinenteak antzerki ikastaroa Azkona & Toloza eta Dejabu konpainiekin. Niessengo (2. solairua) entsegu-aretoan, 16:00etan. Ikastaroaren ardatza galdera hauei erantzutea izango da: Nola begiratzen diogu besteari? Zenbateraino dago gure begirada baldintzatuta? Aldez aurretik izena eman beharko da.
- Hilak 10, ostirala: Extraños mares arden antzezlana 19:00etan, Niessen Kulturgunean. Hau Atacamako basamortu idorrean kokatzen da eta bertan Guggenheim familiak arte garaikidearen industria ahalguztidunaren oinarriak nola ezarri zituen kontatzen du. Ondoren ‘atarian’ egingo da. Sarrerak, 3 euro.
- Hilak 11, larunbata: Tierras del sud antzezlan ibiltaria, 12:00etan. Patagoniaren eta ehungintzaren arteko lotura islatuko du.
- Hilak 13, astelehena: Welcome to Chechnya (Ozzinema) dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia herriko LGBTIQ mahaiaren eskutik, 19:00etan, Niessen zinemetan (sarrerarekin). Errusiako errepublikan nagusi den LGBTIQen aurkako mugimendu errepresiboari aurre egiteko euren bizitzak arriskuan jartzen dituzten aktibista talde baten urratsak jarraitzen ditu dokumentalak.
- Hilak 14, asteartea: No es país para negras antzezlana 19:00etan, Niessen Kulturgunean. Obra honetan Silvia Albert Sopale aktoreak emakume beltza izatea eta hemen bizitzea zer den islatzen du. Carolina Torres Topagaren zuzendaritzapean. Ondoren ‘atarian’ egingo da.
- Hilak 15, asteazkena: Bazterketa egoeran dauden pertsonei buruzko film laburren proiekzioa, 12:00etan, Niessen Kulturgunean. Emaus Gizarte Fundazioak eta Koldo Mitxelena Institutuko gazte talde batek etxerik gabeko pertsonen egoerari buruzko sentsibilizazio prozesu batean parte hartu ondoren beren istorioetan oinarrituta egin dituzten film laburrak aurkeztuko dituzte.
- Hilak 16, osteguna: Migrazioak eta klima-aldaketa hitzaldia, 18:00etan, Reina Aretoan, Miguel Pajaresen eskutik.