Udal gimnasio bat izango dute antxotarrek Luzuriagako etxepetan
Luzuriagako lehen faseko etxepetan bi lokal erosiko ditu udalak; haietako bat kirol areto bilakatuko dute, eta eguneko zentro bestea.
Udal gimnasio bat eta eguneko zentro berria izango dute antxotarrek Luzuriagako lehen faseko etxepetan; hala iragarri zuen atzoko ohiko udalbatzarrean Izaskun Gomez alkateak. Datorren urterako aurrekontuan barne harturiko jarduketak dira biak.
Udalburuak azaldu zuen 2022ko aurrekontuaren likidazioa, “edo, behintzat, aurre-likidazioa” ezagutu arte itxaron beharko dela bi lokal horien erosketa gauzatu ahal izateko. Epeez mintzatu ez zen arren, uler liteke datorren urtean bertan hasiko liratekeela bi aretoak egokitzeko lanak; bai, behintzat, eguneko zentroarena.
Gimnasioaren kasuan, ordea, gehiago itxaron beharko da seguru asko, izan ere, udalak erosi nahi duen lokal berri horrek egun azokan kokatuta dauden hainbat udal zerbitzu hartuko ditu lehendabizi, ordezko espazio bat lortu arte. Azken pauso horrekin hasiko lirateke kirol aretoa hornitzeko lanak.