Abenduko zubirako planak etxetik oso hurbil jarri ditu Oarsoaldeak
Oarsoaldea Garapen Agentziak plan sorta proposatu du eskualdeko kultura nahiz ingurumenaz gozatua hartzeko. Museoetan sartzeko deskontua kaleratu dute.
Oarsoaldea Garapen Agentziak eskualdeko plan sorta bildu du zerrenda batean, datorren zubirako etxe ondoan egiteko ideiak emateko asmoz. Hona hemen, herriz herri, Errenteria-Oreretan, Lezon, Oiartzunen eta Pasaian egin dituzten proposamenak:
- Oiartzun. Arditurriko meategira, tren berdean
Hilaren 6an irteera antolatu dute Tren berdean Arditurriko meatze gunera joateko, prezio murriztuan. Trena Pagoaldetik abiatuko da eta, 30 minutu inguruko ibilbidearen ostean, Aiako Harria Parke Naturalean sartu eta Arditurriko meatze gunean amaituko dute bisitariek bidaia.
Hiru irteera eskainiko dira: 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan eta meategian oinarrizko edo sakoneko bisita egiteko aukera izango da. Aurre-erreserba egiteko 943 49 45 21 eta 943 49 50 69 telefono zenbakiak erabil daitezke, edota posta elektroniko bidez mezua bidali.
- Errenteria-Orereta. Jantziaren zentroan, baserritar jantzien erakusketa
Iraultza Dantza taldeak tradizioari heldu eta baserritar jantzien erakusketa antolatu du sarrerako aretoan. Guztira 13 jantzi daude ikusgai, hamar emakumezko eta hiru gizonezko. Larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da museoa; eta igande eta jai egunetan 12:00etatik 14:00etara.
Gainera, hilaren 11an eta 18an, Ramon Garciak, Errenteriako Iraultza Dantza Taldeko buruak, baserritar jantziaren inguruko hitzaldia eskainiko du erakusketan bertan. Gazteleraz izango da itzaldi hau, eta bi txanda antolatu dira egun bakoitzerako: arratsaldeko 19:00etan eta 20:30ean.
- Pasaia. Mater eta Albaola
Pasaiako Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak eskaintza zabala prestatu du hil osorako. Etzi kostaldea ikertuko dute, astelehenean antxoa kontserba tailerra, eta hilaren 8an, eguraldiak eragozten ez badu, Jaizkibelgo itsaslabarrak ikusteko itsas bidaia antolatu dute. Aurretik erreserba egitea beharrezkoa da: 619 81 42 25 edo posta elektronikora idatziz.
Bestalde, Albaola Itsas Faktorian ere zabalik egongo da hilaren 4, 5, 6 eta 7an, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara; eta hilaren 8an 10:00etatik 14:00etara. Bisita gidatua egiteko Albaolarekin harremanetan jarri behar da haien helbidera helbidera mezua bidalita edo 943 39 24 26 telefonora deituta.
- Lezo. Mendi ibilbideak
Natura zaleentzat ere badago zer egin egun hauetan Oarsoaldean. Lezoko natura-gunea zeharkatzen duten hiru mendi ibilbide proposatu dituzte, Bekoerrota kiroldegitik hasita:
-
- Olatzar-Lorbide: Bi ordu baino gutxiagoko mendi ibilbide hau edonorentzat da aproposa. Jaizkibelgo hegoaldetik igarotzen da eta ehunka urte dituzten baserri ederrez osatutako auzoak zeharkatzen ditu (4,5 kilometro).
- Xoxolurra-Alarguntza: Jaizkibel mendiaren hegoaldeko magala zeharkatzen duen 11 kilometroko mendi ibilbidea da, mendian ibiltzera ohituta daudenentzat gomendagarria. Nahiz eta hasiera malkartsua izan, 2. kilometrotik aurrera ibilbidea erosoagoa bihurtzen da. Ikuspegi panoramiko ederrak eta garrantzia kultural eta historiko handia dituzten elementuak ikusi daitezke.
- Altamira-Bordatxo: Asfaltatutako ibilbidea da, bizikletaz zein oinez egiteko prestatua. Altamira zeharkatzen du eta landa atlantikoko lursail tipikoetatik zehar murgiltzen da, Darietazarra eta Miura bezalako baserri garrantzitsuak kokatzen diren lekuetan. Ibilbide atsegina eta gomendagarria da edonorentzat.
Eskualdeko museo guztiak bisitatu nahi izatekotan, prezio erdian eta sarrera bakar batekin bisitatzeko aukera dago. Oarsoaldeko Turismo Bulegoan zein museo parte-hartzaileetan eskuratu daiteke 12,50 euroren truke eta urtebeteko iraupena dauka.
Informazio gehiago behar izanez gero, Errenteria-Oreretan eskualdeko turismo bulegoa irekita egongo da abenduko zubi osoan zehar, honako ordutegi honetan: hilaren 5etik 7ra: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Hilaren 8an 10:00etatik 14:00etara. Xehetasun gehiago: Madalen 3, Errenteria. 943 49 45 21.