"Noraezean" den udal baten isla da aurrekontua PSE-EEren ustez
Norabide eta anbiziorik gabekoa, halako da Errenteriako PSE-EEren esanetan Errenteriako Udaleko Gobernu Taldeak pasa den hilaren 18an 2022rako aurkeztu duen aurrekontu proposamena.
Norabide eta anbiziorik gabekoa, halako da Errenteriako PSE-EEren esanetan Errenteriako Udaleko Gobernu Taldeak pasa den hilaren 18an 2022rako aurkeztu duen aurrekontu proposamena. Aurrekontu proposamen horrek dituen “proiektu berritzaile bakarrak” sozialisten iniziatiba izan direla esan du, gainera, Isaac Palencia eledunak: “Aita Donostiko igogailua, adinekoen bakardadearen aurkako politikak, edota Agustinetako Lanbide sortzaileen poloa dira horren adibide”.
Herritarrekin hitzartutako hainbat proiektu “kaxoian” sartu izana ere egotzi dio koalizio subiranistari, eta zerrenda horretan sartu ditu Barandiaran parkea, Galtzarabordako kiroldegia handitzea, Olibeteko aparkalekuak, Gaztañoko igogailua, adinekoentzako zuzkidurazko bizilekuak, Ondartxoko eremu degradatua, eta Beraun, aita Donosti, Maurice Ravel, eta Iztieta kaleen berritzea.
Soberakinez mintzatu da ondoren Palencia: Horiek “kudeaketarako ezintasunaren” ondorio baino ez direla esan du. Bere alderdiak “aurrekontuak hobetzeko” lanean jarraituko duela esan du, “ez dugu gobernu taldearen proposamena partekatzen anbizio falta duelako, agintaldi planak sistematikoki ez dituelako betetzen, eta etengabean aurkezten duten politika epe laburrekoa delako”.
Hilaren 15ean izango da plenoa aurrekontuen gaia aztertu eta zabal eztabaidatzeko. Agian pleno egunean egingo du, gaurko agerraldian, behintzat, ez du PSE-EEk aurrekontu alternatiborik, edo helegiterik aurkeztu.