Orfidalak kafesnetan
Mahaiaren bueltan lasai elkartzeko denbora falta zaigula iruditzen zait maiz. Beti gatoz nonbaitetik eta beti goaz nonbaitera. Eta hori izatez ez litzateke batere txarra, gauden tokian egoteko kalitatezko denbora izango bagenu. Baina gehiagotan egoten gara ginenaren eta izango garenaren tartean, gaudenarenean baino.
Zermoduz?-ak, Zer egin duzu?-ak bihurtzeko joeran sartuta ez ote gauden egiten dut zalantza. Beti izan naiz erantzunak asko axola ez bazaitu, nola gauden galdetzearen aurkakoa. Azken boladan, ordea, elkarri zer moduz gauden galdetu beharrean zer egin dugun galdetzen diogula ari naiz sumatzen. Ostiral iluntzean, lagunekin elkartu eta astean zehar egin dutenaren inguruan galdetzen dugu, etxera nekatuta iristen garen iluntzeetan ere zer egin dugun, lanera iritsi eta asteburuan zer egin dugun da galdera… Denbora zerekin okupatu dugun.
Egin, egin eta egin. Ez diot nik egin gabe, eta ekinbiderik gabe ezer lor daitekeenik. Baina goizean goizetik ahalik eta produktiboen, eraginkorren, efikazen izaten ahalegintzen gara. Esnatu eta kolpean hiru kafe hartu behar baditugu ere gure buruak espabilatzeko, eguna ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Kafeinarik gabe denbora eta egiten duguna motelegi doala iruditzen zaigu, pizkorrago egon behar dugula, behar dugula kafeina txute hori indartzeko, azkartzeko, bihotz taupadak eta garuna azeleratzeko azken batean.
Gaua iristearekin bat, goizean behar genuen aktibazioa lokartu nahi dugu. Etxera iritsi nahi dugu eta etxeko zapatilak janztearekin bat egun osoko soinu banda aldatu eta fondotik musika lasaia entzun. Ohera sartu eta begiak zabalik ditugulako amorratzen gara geure buruarekin, bihotza eta garuna aktibo, aktiboegi ditugulako (horrela egoteko egunean zehar hamaika ahalegin egin ondoren). Eta ordu erdiz sabai zuriari begira egon ondoren, sukaldeko armairura joatea erabakitzen dugu. Infusioen kaxa ahulegia da jada guretzat, pilulen kajoira jotzen dugu. Orfidal bat barrura.
Eta horrela kudeatu nahi dugu denbora, eta gure bizi eredua. Momentu batez gure burua egurtzen aktiboago bihurtzeko, eta handik hamabi ordura gure burua egurtzen, berriz, lasai egon eta lo hartu dezan. Gure gorputzera geroz eta gogorragoak diren substantziak sartuz, kanpo faktoreekin gure gorputza behartuz. Eta gero harritu egingo gara nekatuak, mugituak edota arraro sentitzen bagara. Eta horretarako ere izango dugu beste -ina edo pilularen bat.
Hiru kaferekin esnatzen eta orfidalekin lokartzen garen gizartea da geurea. Beti beste batzuen erritmora dantzan.