Denek jantzi nahi dute txapela
Bihar jokatuko dute Errenteria Hiria Kulturguneko Niessen auditorioan Xenpelar Sariaren finala. Sei bertsolari oholtza gainean, txapela bila.
Xenpelar Sariaren kanporaketak jokatu ostean, finalaren ordua heldu da orain. Bihar jokatuko dute Errenteria Hiria Kulturguneko Niessen auditorioan. Agertokian sei bertsolari, eta denak datoz txapel bila. Aner Peritz zarauztarra, Ekhiñe Zapiain Arregi Beratarra, Irati Alcantarilla urruñarra, Joanes Illarregi Marzol leitzarra, Maddi Aiestaran Iparragirre beasaindarra eta Unai Mendiburu Valor algotarra aurrez aurre arituko dira norgehiagoka bertsorik onenak josteko gogor lanean.
Sarrerak 5 euroan daude salgai. 16 urtetik beherakoentzat doakoa da finalerako sarrera.
Ibilbide luzea du bertsolari gazteentzako sariketak. 1971n antolatu zuten lehenengoz, eta egun bi urtean behin antolatzen dute Ereintza elkarteak eta Xenpelar Bertso Eskolak elkarlanean. Bertatik sona handiko bertsolariak pasa dira, baita sari nagusia lortu ere: Iñaki Murua, Anjel Mari Peñagarikano, Xabier Euzkitze, Jon Sarasua, Jon Maia, Jexux Mari Irazu, Amaia Agirre, Miren Artetxe, Uxue Alberdi, Jone Uria… 2018ko sariketaren irabazlea, Eli Pagola izan zen.
Bertsozaleek arratsalde pasa polita egiteko aukera dute bihar, gozatuko duten zalantzarik ez da.