Zaintza sistema publiko-komunitariorako erronkak aztergai
Miren Aranguren soziologoa eta Emagineko kidea izango da hizlari hitzaldian. Zaintza lanak demokratizatzeko gakoak aztertuko dituzte.
Adinekoak eta menpekoak zaintzeko sistema publiko-komunitario baterako erronkak goiburuarekin hitzaldia antolatu du Duintasun Pentsiodunen elkarteak hilaren 15ean, 18:00etan, Merkatuzarren. Miren Aranguren soziologo eta Emagineko kidea izango da hizlaria.
Azken urteetan mugimendu feministak egin duen lan handiari esker, zaintza lanak iritzi publikoaren parte dira Arangurenen ustez. Zaintzaren krisia aipatu du soziologoak, “izan ere, gizartearen sektoreetako asko arazoak izaten ari direlako beren burua zaintzeko, besteak zaintzeko, edota behar duten arreta jaso ahala izateko”. Horren atzean dagoen arrazoia zaintzaren gaineko banaketa eredu tradizionalaren desestabilizazioa, eta sistema sozioekonomiko osoaren berrantolaketa dira haren hitzetan, “hala ere, ez da aldaketarik izan etxeko lanen sexokako distribuzioari erreparatzen badiogu, ezta genero segmentazioarena lan merkatuan”.
Egungoari zaintza sistema “injustua” iritzi dio Arangurenek, “familista, hiperfeminizatua, gero eta merkantilizatuagoa, arrazializatua, prekarizatuagoa da. Eta horregatik, ezinbestekoa da neurriak hartzea demokratizatzeko”. Bide horretan ezinbesteko jo du soziologoak zaintza politikoki eta ekonomikoki aitortzea, zaintza langileen baldintzak eta lanak duintzea, lanak birbanatu eta arreta eredu emantzipatzaile baterako norabidea hartzea, “zaintza eredu publiko-komunitario berri baten aldeko apustua egin dugu guk, nola bihur dezakegu erreala?”.
Horretaz guztiaz hitz egin, sor daitezkeen zalantzak erantzun, eta egin nahi diren ekarpenak jasotzeko espazioa izango da datorren asteazkenean Merkatuzar.