Lasaitasuna nagusi Oarsoaldeko lau herrietan
Denboraleak eta eurite handiek ez dute azken orduetan aparteko arazorik sortu Errenteria-Oreretan, Pasaian, Lezon eta Oiartzunen.
![oiartzun.ibaia](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2018/04/oiartzun.ibaia_.jpg)
Denboraleak eta eurite handiek ez dute azken orduetan aparteko arazorik sortu Errenteria-Oreretan, Pasaian, Lezon eta Oiartzunen. Herri horietako Udaltzaingoarekin hitz egin du HITZAk uneko egoeraren gainean hitz egiteko eta guztiek azaldu dute gau zein goiza lasaia izaten ari dela, eta ez dagoelako arazorik erreka eta ibaiekin.
Puntu ilun bakarra, Donibane sarreran aurkitzen da. Atzo luizia izan zen bertan eta errepidea itxita izan zen denbora luzez. Une honetan bide bakarra dago zabalik, lanak egiten ari direlako bertan, baina Pasaiako Udaltzaingoak jakinarazi duenez, goizean zehar zabalduko dute itxita dagoen bidea.
Erreken emari maila normaltasunaren barruan dagoela azaldu du bestalde, Oiartzungo Udaltzaingoak, eta goizean zehar oraindik adi jarraitzen ari badira ere horien egoera, normaltasuna dela nagusi esan dute.