AHTaren kontrako mozioak Errenteria-Oreretan, Lezon eta Oiartzunen
AHT Gelditu, Eguzki eta Ekologistak Martxan taldeek aurkeztu dituzte mozioak. Gaur aztertuko dute Errenteria-Oreretan, 22an Oiartzunen, eta 27an Lezon.
AHT Geldituk, Eguzkik eta Ekologistak Martxan eragileek AHTaren salgaientzat izango litzatekeen Astigarraga-Lezo trenbide zatia egin ez dadin eskatzeko mozioak erregistratu dituzte Errenteriako, Lezoko eta Oiartzungo udaletan. Mozio horiek aurki egingo dituzten udalbatzarretan aztertuko dituzte tokian tokiko zinegotziek. Astigarragan ere aurkeztu dute agiria.
Mozioan jaso dute trenbide azkarraren zati hori bertan behera eska diezaietela udalek Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioari. Gainera, ingurumen arlotik harago, arlo ekonomikoari erreparatu diote: “Inongo justifikaziorik ez duen proiektuan diru publikoa ez xahutzea, eta diru publiko hori gizarte beharretara zuzentzea eskatzen dugu mozio honen bidez”. AHTak baino, beste lehentasun batzuk daudela zehaztu dute mozioaren aurkezleek: “Zaintza publikoa, enplegua, hezkuntza eta gizarteko gainerako beharrek lehentasuna eduki behar dute, soilik batzuentzako egin nahi duten azpiegitura erraldoi eta defizitarioaren aurrean”.
Mozioak honako egunetan aztertuko dituzte:
- Errenteriako Udalean: gaur (asteazkena) da udalbatzarra, 18:30ean.
- Oiartzungo Udalean: hilaren 22an (asteazkena) da udalbatzarra, 18:00etan.
- Lezoko Udalean: hilaren 27an (astelehena) da udalbatzarra, 19:00etan.