Denboraldia hiru kontzerturekin amaituko du EMKEk
Lehenengo hitzordua larunbatean izango da basilikan 20:00etan. Sequenza klarinete laukotearekin izango da.
Errenteriako Musika Bandak, hiru kontzerturekin emango dio amaiera aurtengo denboraldiari. Hiru hitzordu eta formatu anitzak, Madalenaren basilikatik Koldo Mitxelenaren jolastokira. Lehenengo hitzordua larunbatean izango da basilikan 20:00etan. Sequenza klarinete laukotearekin izango da. Formatu txikian, lau musikariez gozatzeko aukera eskainiko du emanaldiak. Hurrengo egunean Musika Bandaren txanda helduko da. 12:30ean kontzertua eskainiko du Koldo Mitxelenaren jolastoki estalian; Gabonetako kontzeru nagusia eskainiko du bandak emanaldiaren bidez.
Azken hitzorduak agertoki bera izango du, Koldo Mitxelena herri ikastetxeko jolastoki estalia, eta 2022ko urtarrilaren 6an izango da; urteberriko kontzertua izango da 12:30ean.
Hiruretan sarrera doakoa da eta ez da aldez aurretik gonbidapenik eskuratu behar joateko, sarrera librea izango da edukiera bete arte.
Bukatzear den denboraldia ere “korapilatsua” izan da EMKEren arabera, “hala ere egoerara egokitu eta kontzertuak eskaintzeko gai izan gara, denboraldi txukuna eta interesgarria eskaintzeko gure bazkideei eta herritarrei oro har”. Hobekien egiten dakiten hori egin dute, zalantzarik gabe, Kultura hizki larriekin.
Eskainitakoen artean Gure bakarlariak zikloa, eta Ez madelenen barruko emanaldia Lekuonaren Sorlekua auditorioan 2.000 pertsonentzat aipatu ditu elkarteak.
Datorren urteari begira ere jarri dira eta egitarauaren barruko harribitxia ere aurreratu dute: Musika Bandak ekainean eskainiko duen Carl Orffen Carmina Burana Donostiako Orfeoiarekin azken horren 125. urteurrenaren harira. Kontzertu hori Lekuonan gozatzeko aukera izango da.