Erik Gartziak irabazi du 'Egunean behin'-eko zortzigarren denboraldia
OARSO BIDASOko HITZAko kazetaria, Oiartzunen egosten direnen berriemailearen jakituria hori, sobera ezaguna da ingurukoen artean.
Azkarra eta jakintsua den zalantzarik ez da. Horri ziurrenik beste dohain batzuk gehitu behar zaizkio, baina horiek gorabehera, kontua da Egunean behin lehiaketako zortzigarren denboraldiko jokalaririk apartena izan dela. Arerio, 83.000 lagun eta denak txapela gosez; gosez eta egarriz utzi ditu, baina, errenteriarrak, zalantzarik gabe mugarria izango duen garaipena erdietsita.
Askok galdetu omen diote tranparik egiten ote duen. Ezetz berak, trukoak bai, baina tranparik ez du ezkutatzen. Trukoak direnik ere zalantzazkoa da, hiru urte bete zituenean, bere kabuz irakurtzen ikasia zelako. Egunkaria, osorik ez bazen ere, irakurtzen zuen, eta ordutik bere eskutara iristen den guztia irakurtzen omen du, baita interneten prentsa ugari ere. “Kuriositatea” aipatu du Gartziak ohitura osasungarri horren eragile.
OARSO BIDASOKO HITZAko kazetaria, Oiartzunen egosten direnen berriemailearen jakituria hori sobera ezaguna da ingurukoen artean. Makina bat galdera eginda azkar batean argitzen ditu zalantzak, zer esanik ez geografia bada tartean; beti du erantzuna, eta zuzena, gainera.
Irabazle izatearen ohoreaz gain, erronka ere jarri diote oreretarrari; bihar Egunean Behin finala jokatu beharko du ETB1n Biba Egunean Behin saioan zuzenean. Arerio 80.000 parte hartzaile eta bera platoan, konfort eremutik kanpo. Biharkoak ez duela kezkatzen aitortu du Gartziak, “eginbeharrekoa egin dut jada”. Animatu nahi dutenek, ETB1 piztu baino ez dute egin behar bihar 21:30ean, bertan erakutsiko du amarrurik ez duela. Zorte on!
HITZAk ostiraleko papereko edizioan Gartziari egindako elkarrizketa argitaratuko du.
Ostegunean, abenduak 16, 21.30etan ETB1en, Biba Egunean Behin zuzeneko finala. Platoan zein bakoitza bere etxetik, denok jokalari, adi! pic.twitter.com/etfQvnEeOw
— Egunean Behin (@eguneanbehin) December 14, 2021