[Publirreportajea] Eredu aldaketa baterantz bidean
Hauskortasun eta mendekotasunari arreta «bateratu» ahalik eta egokiena eskaintzeko helburuz jaio da Pasaia HerriLab. Udalerrian bi gizarte langile izatetik, lau izatera jauzia eman dute, eta aldaketa nabarmena da: bertatik bertara bizi dute orain esku hartze prozesua.
Hauskortasun eta mendekotasunari arreta «bateratu» ahalik eta egokiena eskaintzeko helburuz jaio da Pasaia HerriLab. Udalerrian bi gizarte langile izatetik, lau izatera jauzia eman dute, eta aldaketa nabarmena da: bertatik bertara bizi dute orain esku hartze prozesua.
Pasaia HerriLab estrategiaren sorrerari erreparatzeko, funtsezkoa da begirada 2018ra jiratzea, orduan eman baitziren lehen pausoak arreta integrala emateko eredu eraldaketa baterantz bidean. Maitane Irurieta Donibaneko kasuak kudeatzen dituen gizarte langilea izateaz gain, proiektu aitzindariaren arduradun ere izan zen abiatzetik.
«Aldundiak [gobernu organo horrek finantzatzen du proiektua], Matia fundazioarekin batera, aukera bat proposatu zigun hiru udalerriri esku hartzea ikertzeko prozesu batean parte hartzeko», azaldu du. Saiakera horren helburua gizarte zerbitzuen laguntza ereduari buruz hausnartu eta hori eraldatzea zen.
Egokitze horrekin lortu nahi zena, finean, pertsonak erdigunean jarri eta menpekotasun egoeran zeuden erabiltzaileei eskainitako arreta hobetzea zen; hala, horiek adinean gora egin heinean, euren etxean ahalik eta denbora luzeenean bizitzeko aukera bermatuz.
Maitane Irurieta. Pasaiako gizarte langilea: «Urteak generamatzan gure burua oso lan administratiboetan zentratuta ikusten»
Ikerketa burutzeko 70 familia hautatu ziren ausaz; 60 urtetik gorako bigarren graduko mendekotasun egoeran zegoen pertsona eta haien senideak ziren familia horiek. Taldea bitan zatitu zuten. «Erdiari ordura arteko esku hartze eredua eskaini genion, eta besteari aukera eman zitzaion erabiltzailean oinarritutako eredu baten bitartez erantzun berri bat jasotzeko», dio Irurietak.
Paradigma berria
Planteamenduaren aldaketa zertan datzan sinpleki azaldu du: «Hasteko, adineko pertsonarekin harreman zuzen bat izatean datza, eta gerturatze horrekin, haren zaintzaile eta familiaren azterketa bat egitean, ikusteko non egon daitekeen egoera hori hobetzeko aukera».
Eredu zaharrarekin, berriz, gizarte zerbitzuen laguntza behar zutenak —edo, gehienetan, haien senitartekoak— ziren bulegoetara hurbildu eta egoeraren berri ematen zutenak. Osteko eskemari esker, esku hartzearen arduradunek bertatik bertara ikus dezakete etxeko egoera.
Beste erronketako bat zen arreta beste esparru batzuetara zabaldu eta erabiltzailearen inguruan sare bat sortzea. Alegia, harreman zuzena eraiki gizarte zerbitzuen, eta besteak beste, osasun alorraren, herri eragileen edota udaleko beste sailen artean, «erantzun bateratu bat» ematea lortzeko.
«Urteak generamatzan gure burua oso lan administratiboetan zentratuta ikusten», aitortu du udalerriko gizarte langileen izenean, «adineko pertsonengandik urruntzen ari ginen». Eredu aldaketak bide horretan aurrera egitea ahalbidetu die, bi gizarte langile izatetik lau izatera pasa baitziren, besteak beste, arreta osoago bat emateko barrutiz barruti.
Lau arduradun horiek [goiko irudikoak] izan dira, hain zuzen, egitasmoaren ardatzen berri eman dutenak, jarraian.
PASAIA HERRILAB, ARDATZAK
PREBENTZIOA
Hauskortasunetik menpekotasunera. «Urte luzez gure lana xurgatuta egon da menpekotasun kasuekin», aitortu du Irurietak; hori horrela, menpeko izan gabe bestelako gabeziak zituzten erabiltzaileei emandako erantzuna «txikia» zen, denbora, langile, eta funtsean, baliabide eskasiagatik.
Egun, HerriLab-en barruan egon den «konpromiso tekniko-politiko» horri esker, lantaldea handitu eta prebentzioan fokua jartzeko aukera izan dute Pasaiako gizarte langileek. «Horregatik, orain, ez diegu soilik erantzuna ematen menpekotasun egoeran daudenei. Hara iritsi gabe, bizitzako arloren batean zailtasunak dituzten pertsonei ere ematen zaie».
Gabezia horiek, besteak beste, etxetik ez ateratzea, babes sarerik ez edukitzea, komunitatean ez parte hartzea, bakardade egoera edota depresioa aitortzea izan daitezke. «Garbi dugu halako egoerak aurrez hartzen ez badira, adinarekin eta menpekotasunarekin okerrera doazela».
Gehiago esan du Lurdes Salaberriak, Donibanen 60 urtetik beherako pertsonen ardura duen gizarte langileak: «Fokua prebentzioan jarrita bizi kalitatea hobetzea lortzen dugu, eta hori da gure azken helburua: kasuak muturreraino iritsi gabe aurretik esku hartzen hastea, bizi kalitatea luzera bermatzeko».
Lehenago hasteak beste erantzun mota bat emateko aukera ematen duela sinetsita agertu da Salaberria.
Komunitatean txertatzeko. Esperientziak erakutsi die prebentzioa lantzeak adineko lagun asko komunitate mailan artatzea ahalbidetzen duela. Beste hitz batzuetan, bakardadea nagusi denean edota herri parte hartzerik ez dutenean, adibidez, komunitatea bera izan daiteke behar duen horri gerturatzen zaiona. «Ez gara gu bakarrik haiekin», Irurietak, «baizik eta jubilatuen komunitatea izan daiteke, adibidez, haiekin harremanetan jartzen dena».
Bizilagunak eta dendariak hartu ditu ahotan Salaberriak: «Denon artean sare bat osatzean datza, beharra duten pertsonekin erne ibili eta denon artean erantzun bat emateko».
SARETZEA
Etxe ondotik hasita. Komunitateaz mintzatu direnean aipatu duten «saretzea» da, hain zuzen, Pasaia HerriLab estrategiaren beste hanketako bat. Donibaneko arduradunak uste du gauzak asko aldatu direla azken hamarkadetan, «lehen beste modu batean bizi ginen, denok denekin elkartuago», eta hori hein batean berreskuratzean datza lana, bakardadearen aurka borrokatzeko. «Plano komunitarioa» indartzea gakotzat jo du hark.
Beste eragileekin. Egunera arte pilatu duten eskarmentua jarri du adibide Irurietak: «Harago joan gara. Farmazietara gerturatu gara, dendetara, osasun arloko familia medikuetara, jubilatu taldeengana, Caritasera… lan bateratu bat proposatzen, eta denek hartu dute begi onez».
Saretzeak, beraz, bizilagunak ez ezik, herri eragile eta komunitatea osatzen duten beste erakunde batzuk ere inplikatu behar ditu. «Udaletxetik soilik ezin dugu bakardadea borrokatu», uste du Salaberriak, «denon elkarlana behar da».
Osasun arloa da funtsezkoenetako bat. «Lehen ez bezala», sistematikoki bilera eta espazio berriak sortzen ari direla kontatu dute, eta baita ageriko egin ere horrekiko poza. Alde biek ikusmira berdinetik begira dezakete erabiltzailea horrela, eta arriskuak identifikatzeko elkar-puntuak ezarri edota helburu komunak zehaztu ere.
Udaletxearen barruan aurrerapausorik handiena Kirol Sailarekin eman dute. «Aldaketa bat egin da, antzeman daiteke eta erreala da», mintzatu da Irurieta. Hori horrela izanik, adibidez, gizarte zerbitzuetatik jasotzen duten informazioa oinarri izanik erantzun espezifikoak eman ditzakete orain kirolekoek. Berdintasun arloa ere gehitu nahi izan dio Salaberriak aurrekoari.
Beste proiektu batzuetan. HerriLab prozesuaren barruan bost proiektu esperimental ari dira garatzen aldi berean, orientazio ezberdinak izan arren, helburu bat eta bera dutenak: etxebizitzako arretaren kalitatea eta ohiko bizi ingurunea hobetzea, hain zuzen. Honakoak dira: Etxean bizi, ‘Ok en casa’, Hauskor, Adinkide eta Agase.
BERTATIK BERTARA
Etxeetara bisitak. «Aldaketa handia izan da hori», hasi da Belen Zubia, San Pedroko gizarte langilea, eredu berriarekin etxez etxe egiten dituzten bisitak ahotan hartu dituenean. «Orain arte ez genuen horretarako ia denborarik», gehitu nahi izan du Naiara Lasak (Trintxerpeko langile arduraduna da bera). Etxez etxeko arreta zuten pertsonen jarraipena egin bai, baina eurak bertaratu «gutxitan» egin ahal izaten zutela aitortu du.
Gaur egun ikustaldi horiek gizarte langileen «erreminta garrantzitsuena» direla sinetsita agertu da Lasa bera: «Informazio asko ematen digute. Ikusten dugu pertsona hori nola bizi den, zein ohitura dituen, zein dabilen harekin…».
Horrez gain, langilearen eta erabiltzailearen artean «lotura estua» ere sortzen dela gailendu nahi izan du. «Konfiantzazko harremana» izena jarri dio Salaberriak horri.
Etxebizitzetara gerturatzeak pertsona bera ezagutzeko ate berriak ireki dizkie gizarte langileei: «Haiekin batera adostuta har ditzakegu erabakiak, eta gu geu ere hobeto egokitzen gara haien beharretara, zuzenean euren ahotik entzunda horiek», aipatu du Salaberriak.
Bisita jasotzen dutenetako asko, oraindik ere, harritu egin ohi direla aitor egin du Maite Uranga Antxoko gizarte langileak, zerbait gaizki doanaren susmoa hartu baitiezaiokete horri lehen une batean. Gerora, ordea, «oso eskertuta» agertu ohi direla esateko aukera ez du galdu Urangak. Gizarte zerbitzuen esku hartzea «asko» hobetu da horri esker.
Kasu konplexuenak. Pasaiako arduradun teknikoak, Maje Karrerak, iruzkindu du zerbitzuek ezin dietela pertsonan oinarritutako arreta eredua eskaini nahiko luketen erabiltzaile guztiei, ez baitago, oraindik ere, hartarako baliabiderik. Ondorioz, estrategia berri bat martxan jarri behar izan dute identifikatzeko noiz den funtsezkoen hori aplikatzea.
Irizpide horiek finkatzea ez dute lan erraza: «Denbora asko eskaintzen ari gara gure artean zehazteko zeintzuk diren kasu konplexuenak, bateratzen saiatzeko horiei eman beharko geniekeen erantzuna».