[Galeria] Pasai Antxoko Gabonetako Krosa 2021
Iosune Alberdi eta Sergio Roman izan dira lasterkari azkarrenak kategoria femenino eta maskulinoan, hurrenez hurren. Sari berezi gehiago banatu dituzte.
Azken orduko aldaketengatik 6,2 kilometroko ibilbide laua egin dute aurtengoan lasterkariek. Agerikoa zen iazko hutsunea faltan bota zutela askok eta askok, hotzagatik ere giro ederrean joan baitzen atzo arratsean Pasai Antxoko 2021eko Gabonetako Krosa. Txalo eta animo oihuek gogoz epeldu zuten arratsa, eta 6,2 kilometroak berehala igaro ziren, lasterketa eremuaz kanpo zeudenentzat, behintzat…
Norgehiagoka hasi baino lehen aipamen berezia egin zioten antolatzaileek otsailean zendutako Juanjo Bujanda antxotarrari, lasterketa horren antolakuntzan ez ezik, herrigintzan oro har urte luzez egin izandako ekarpena aintzatetsiz. Aurten ez da haren suzirien eztandarik entzun Antxoko zeruan, baina presente izan dute Buji bizilagunek. Haren emazte eta bilobak jaso zuten oroigarria.
21:30a pasatxo ekin zioten Antxotarrak Lasterkari Taldeak sari banaketari. Jarraian aipatuko den palmaresaz gain, beste hainbat golardo ere jaso zituzten korrikalariek, besteak beste, txanpan botila ederra eman zion Etxebestek hirukote bati bidea “alai eta irribarretsu” egin izanagatik, eta ezbairik gabeko saria taka-taka eskutan ibilbidea osatu zuen amona-xahar bikoteari, mozorro onenagatik.
Hona hemen, azkenik, aurtengo ekitaldiaren garaileak:
- Kategoria femeninoa.
- 1. saria: Iosune Alberdi Urrutia. Denbora: 0:24:49.
- 2. saria: Eider Estibariz Luna. Denbora: 0:25:06.
- 3. saria: Amagoia Mitxelena Ruiz. Denbora: 0:25:07.
- Kategoria maskulinoa.
- 1. saria: Sergio Roman Bermejo. Denbora: 0:19:19.
- 2. saria: Ibai Alba Vilchez. Denbora: 0:19:23.
- 3. saria: Jon Elkano. Denbora: 0:19:49.
- Emakume beteranorik azkarrena: Laura Seminario.
- Gizon beteranorik azkarrena: Iñigo Tumas.
- Emakume pasaitar azkarrena: Vero Richard Garcia.
- Gizon pasaitar azkarrena: Marcos Burdaspar.
