"Mikel eta larriki gaixo diren gainontzeko presoek etxean behar lukete"
Elkartasunez bete dute Herriko Plaza Mikel Arrietak etxean beharko lukeela errepikatu eta ukatu dioten gradu progresioa salatzeko.
Hamarnaka lagunek hartu dute Herriko Plaza gaur 13:00etan, Mikel Arrietaren borrokaren sostengu. Plaza bete elkartasun helarazi diote Mikel Arrieta Llopis preso oreretarrari Martuteneko espetxeraino. Larriki gaixo den bizilagunaren babesgabetasun egoera mahai gainean jarri eta ukatu dioten gradu progresioa salatu dute gaur 13:00ean Herriko Plazan eginiko elkarretaratzean.
Arrietari 2017an Algecirasko espetxean (Andaluzia, Espainia) Espondiloartropatia kroniko seronegatiboa HLA B27 positiboa diagnostikatu zioten; gaixotasun kroniko, degeneratibo eta sendaezina. 21 urte daramatza espetxean, eta zigorraren 3/4ak beteta ditu.
Sarek, gaur bildu direnen babesean, salatu du larria dela haren egoera, eta espetxean ez dituela gaitzari aurre egiteko baldintza egokiak: “Ia bost urte igaro dira [diagnositik] eta endekapenezko gaitz guztien moduan, urteak aurrera egin ahala, gero eta gogorragoa bilakatzen da. Are gogorragoa espetxean, senideengandik urrun eta konfiantzako medikurik gabe”.
Gogora ekarri dute, halaber, albiste pozgarria dela Arrieta etxetik gertuago izatea (pasa den udan hurbildu zuten Martutenera), baina hori ez da aski. “Bai gaitza kontuan hartuta, nahiz zigorraren 3/4ak beteta izanda ere”, gaitzetsi dute, “dagokion gradu progresioa atzera bota diote”. Martuteneko espetxeko zuzendaritzak hirugarren gradurako bere eskaera onartu zuen arren, Espainiako Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zuen hura.
Besarkada Antton Troitiñoren gertukoei
Esanak esanda, gaurko elkarretaratzea probestu dute “besarkadarik sendoena” helarazteko hil berri den Antton Troitiño preso ohiaren senide eta lagunei. Troitiñok 28 urte egin zituen espetxean eta soilik gaitzak atzera bueltarik ez zuenean eskuratu ahal izan zuen baldintzapeko askatasuna.
“Behin eta berriro salatu dugu euskal presoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe politika honek heriotza zigorra suposatzen duela gaixotasun larriekin espetxean jarraitzen duten pertsonentzat”. Troitiñoren heriotza aipatu dute esandakoaren adibidetzat, baldintzapeko askatasuna eskuratu eta hamar hilabetera zendu baitzen hura.
“Salbuespen legediari STOP! Larriki gaixo diren presoak etxera!”.
Etxera biderako pauso gehiago
Gaurko bilkura urtarrilaren 8an Bilbon egingo den manifestaziora dei egiteko ere baliatu dute. “Arrieta eta gainontzeko larriki gaixo diren presoak etxean behar luketelako, salbuespeneko legedia bertan behera utzi eta legedi arrunta aplikatuz euskal presoei gradu progresioa ahalbidetu eta 3/4ak beteak dituztenei baldintzapeko askatasuna eman behar zaielako eta oraindik Euskal Herritik kanpo dauden espetxeetan dauden presoak berehala Eukalherriratuak izan behar direlako”.












