Jaizkibelen hainbat arau jartzeko eskatu dio Eguzkik Espainiako Armadari
Espainiako Defentsa Ministerioak 300dik gora hektarea ditu mendian. Eremu horietan hainbat arau eta muga ezartzeko galdegin du erakunde ekologistak.
Espainiako Defentsa Ministerioak 317 hektarea inguru ditu Jaizkibel Kontserbazio Bereziko Eremuan. Espainiako Defentsa Ministerioak Jaizkibelen dituen lursailetan mendiaren biodibertsitatearen kontserbaziorako hainbat neurri aplikatzeko eskatu dio Eguzki Erakunde Ekologistak Funtzio Publiko eta Lurralde Politikako Estatuko idazkaritzari.
Jaizkibelek legearen aitortza eta babesa jaso zuen ekainaren 4ko 357/2013 Dekretua argitaratu ondoren, izan ere, Ulia eta Jaizkibel Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu baitziren horren bidez. Titulartasun horrek suposatzen duena zorrotz bete dadin galdegin du Eguzkik.
Natura 2000 Sareko eremu babestu horrek duen babes araubidea gorabehera, Jaizkibelek “mehatxu ugari” jasan izan dituela salatu du erakunde ekologistak, artean, “baso-politika intentsiboa, kontrolik gabeko trafiko motorduna, basoen suteak, abeltzaintza presioa, edota ehiza”.
Terrenoaren kudeaketaren ardura duen administrazioak gehiegikeria horietan duen erantzukizuna ere mahai gainean jarri du taldeak: “Gipuzkoako Foru Aldundiak Kontserbazio arloan inbertsio gutxi egin ditu, eta jabe nagusiek ez dute arreta handirik jarri”.
Espainiako Defentsa Ministerioak 317 hektarea inguru ditu Jaizkibel KBEan; testuinguru horretan, armadari hainbat ildotan jarduteko galdegin dio Eguzkik, besteak beste: ibilgailu motordunen erabilera mugatzea, baso naturalak leheneratzea hariztiak eta ameztiak landatuz, edota eremu militarreko ehiza jarduera baztertzea.
