Autokontsumo fotovoltaikoari buruzko tailerra antolatu du Iratzerrik
Hilaren 29an egingo dute tailerra, Irurtzun Berri jatetxean. 18:00etatik 19:30era da, eta aldez aurretik eman behar da izena.
Iratzerrik, larrialdi klimatikoak eta energia krisiak arduratzen dituenen Lezoko taldeak, energia fotovoltaikoari buruzko tailerra antolatu du hilaren 29rako (asteazkena da). Irurtzun Berri jatetxean egingo dute, 18:00etatik 19:30era.
Tailerrean, eguzkiaren energia, doako elektrizitate bihurtzeko dauden aukeren berri emango dute Iratzerriko kideek. Aldi berean, egungo elektrizitate merkatuaren logikaren gaineko xehetasunak emango dituzte. “Udako eguzki ordu luzeetan helarazi genizuen galdetegiaren erantzunak dakarzkizuegu bueltan neguan, merkatu elektrikoren anabasa honetan, energiaren etengabeko garestitzea nozitzen ari garen garaian”, esan dute Iratzerrikoek.
Tailerrean parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Lotura honetan sartuta egin daiteke.
