Lezo-Jaizkibeleko izen ematea, 2022ko lehen segundotik zabalik
Lezo Jaizkibel mendiko lasterketan izena emateko epea urtarrilaren 1a iritsi bezain pronto zabalduko da. Kirolprobak-en webgunean eman behar da izena.
2022ko otsailaren 20an da egitekoa (10:00etan hasiko da) Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren zortzigarren ekitaldia. 14 kilometroko ohiko ibilbidea izango du. Usadio den moduan, urteko lehen eguneko hasiera-hasieratik eman ahalko da bertan izena, beraz, urtarrilaren 1eko lehen segundotik apuntatzeko aukera izango da.
Inguruko mendiko korrikalarien artean ohikoa izan da azken edizioetan azkar-azkar ibiltzea Lezoko proban izena emateko. Izan ere, dortsalak azkar batean bukatzen dira, horregatik presak. Normalean plaza guztiak ordu gutxi batzuetan agortzen badira ere, urtarrilaren 8ra arteko epea dago izen ematerako.
Izen emateak Kirolprobak plataformaren webgunearen bitartez egin behar dira.