Donibaneko 2022ko egutegia, Jexux Elosegiren eta Pilar Sansinenearen omenezkoa
Sanjuandarren Oroimena taldeak osatu du egutegia, 1942 eta 1960 urteen arteko argazki zaharrekin. Hilaren 28an banatuko dute Ubera liburutegian.
Sanjuandarren Oroimena taldeak 2022rako egutegia prestatu du. Egutegiarekin Jexux Elosegi eta Pilar Sansinenea omendu nahi izan dituzte, “Pasai Donibanen igarotako urteetan herriari egindako ekarpena argazkien bitartez islatuz”. Egutegiko argazkiak 1942 eta 1960 urteen artekoak dira, eta bertan garaiko sanjuandar asko ageri dira kirola egiten, jaietan, edo ohiko zereginetan.
Egutegiaren banaketa hilaren 28an (asteartea) egingo da, Ubera liburutegian, 17:00etatik aurrera. Herritar bakoitzak egutegi bakarra jaso ahal izango du. Gainera, egutegiaren bertsio digitala ere ondu dute Sanjuandarren Oroimena taldekoek herritarren parte hartzea bultzatzeko, “horrela, hilabete bakoitzeko argazkiaren inguruan bere oroimenak partekatzeko aukera izango du herritar orok”.
Pasaiako Udalaren babesa izan du egitasmoak, eta Amua arropa dendaren laguntza jaso du. Taldekideek eskerrak eman dizkiete egutegiaren lanketan parte hartu duten eragile guztiei, “eta bereziki Aranzadi Zientzia Elkarteari, argazkiak gurekin partekatzeagatik”.
Sanjuandarren Oroimena
Taldea 2019n sortu zuten, Pasaiako Tokiko Bilduma osatzeko urratsak egiteko. Aurten, sanjuandarren testigantzak biltzen aritu dira horiek bideoan grabatuz. Gainera, argazki zaharrak jasotzen eta aztertzen izan dira. Oarsopedia egitasmoko partaide dira taldekideak aldi berean. Egindako ahalegin horiek guztiek 2022ko egutegian azaleratu dira.