[Elkarrizketa] «Emakume horien aurrean, nire pribilegioez jabetu naiz»
63 emakume «lumineszenteren» bizi testigantzak liburu batean jaso ditu Mariezkurrenak (Donibane, 1985) Irantzu Pastor argazkilariarekin elkarlanean.
Palestinan, Indian, Lakota Nazioan eta Euskal Herrian elkarrizketatutako 63 emakumeren bizitza-historia eta erretratuekin liburua osatu duzue [Lumineszenteak. Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak, eta erresilientzia historia zenbait]. Nola jaio zen ideia?
Istorio polita da, orain dela gutxi Durangoko Azokan itxi dugulako hor bertan duela lau urte hasi zen zikloa. Orduan, Irantzu Pastor (Lesaka, 1985) eta biok aurkeztu genuen Aho bete doinu izeneko liburua; kasu horretan enkarguz aritu ginen lanean, eta liburu horretan hainbat elkarrizketa ere bildu nituen, musikaren esparruan lanean dabiltzan emakumeei nahiz euren ingurukoei egindakoak.
Tira, nire sorpresarako, ezkutuko indarkeriez hitz egin zidaten testigantza dezente jaso nituen, kasu horretan, musikaren munduan emakumeek izan duten rolagatik. Argazkiak Irantzuk egin zituen, gustura aritu ginen lanean, eta pentsatu genuen bagenuela hor bide bat, enkarguz zabaldu genuena, baina jorratzen jarraitu nahi genuena.
Hori izan zen lehenbiziko pausoa, hasiera-hasiera. Ez genuen gerokoa musikaren esparrura mugatu nahi, beste zerbait egin nahi genuen, eta bagenituen ardatz horiek: emakumeak eta indarkeria.
Palestinara egin genuen lehenengo bidaia bagenuelako bertan kontaktu sare bat, eta hitzordu pila batekin heldu ginen hara. Bueltatu ginenean, hasi nintzenean elkarrizketetan jasoriko informazioa destilatzen, konturatu ginen bagenituela indarkeria ikusezinen inguruko testigantza asko.
Palestinari buruz irakurria genuen dezente, atxiloketei buruz, bonbardaketak, gaseztatzeak, eta tira, apartheid egoera latz hori… Baina konturatu nintzen horren atzean, paraleloan, aldi berean edota horrekin gurutzatuta, bazirela beste indarkeria mota asko emakumeei soilik eragiten zietenak emakume izateagatik, eta testuinguru horretan zuten rolagatik.
Orduan, jada, Palestinatik bueltan, argiago ikusi genuen zein izango zen iparrorratza.
Zer topatuko du irakurleak liburuaren 321 orrialde horietan?
Uste dut bi aurpegidun liburua dela, eta bai tituluak, Lumineszenteak, eta bai azpitituluak ere, Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak eta erresilientzia historia zenbait, biek egiten diote erreferentzia bi aldeko izaera horri: batetik, historia oso latzak dira, krudelak, guk seguru aski imajinatuko ez genituzkeen egoerak kontatu dizkigute; baina, era berean, mezu itxaropentsu bat zabaldu nahi duen liburu bat da, eta kemenaz, indarraz, erresilientziaz eta erresistentziaz hitz egiten du aldi berean.
Lumineszenteak dira iluntasunean argia egiteko gai diren izakiak, eta emakume hauek ere halakoxeak dira, miresgarriak; horregatik pentsatu nuen horrek izan behar zuela titulua, testuinguru oso ilunetan jaio eta hazi arren, oraindik ere argia, indarra, kemena edo ausardia igorri dezaketelako, eta, gainera, kutsatu egiten dutelako euren inguruan ere.
Aipatu izan duzu testigantza horiekin «emakumeekiko homogeneizazio diskurtsoekin» apurtu nahi izan duzuela.
Tamalez, askotan entzuten dugu nola emakumeaz [singularrean] hitz egiten den: emakumearen nazioarteko eguna, feminismoa… geroz eta gehiago borrokatzen da horren kontra, baina oraindik ere badago joera emakume guztiak zaku berean sartzekoa, homogeneizatzekoa.
«Feminismoez beti pluralean aritu beharko ginateke»
Hain justu, guri esperientzia honek erakutsi diguna da aniztasuna handia dela emakumeongan, faktore piloa gurutzatzen direlako pertsona bakoitzaren bizitzan: etnizitatea, erlijioa, kultura, maila soziala… Pertsona bakoitzaren errealitatea ekuazio ezberdin bat da, eta emakumeena ere bai.
Nik neuk nabaritu dut, askotan, emakumeak elkarrizketatu ditudala eta emakume izateak ate batzuk zabaldu dizkidala, baina era berean oso kontziente izan naiz nire jatorriaz. Ohartu naiz nire maila sozialak eta nire arrazak, emakume mendebaldar zuri izaki, sekulako arrakalak sortu dituela elkarrizketatuaren eta nire artean.
Bai, emakumeak ginen biak, baina aurrean nuena indigena edo natiboa zen, beste kontinente batean, erreserba baten barruan bizi zen, ez zuen eduki ikasteko aukerarik, droga-menpekotasunean bizi zen, eta abar.
Orduan, tira, emakume izatea zen komunean genuen zerbait, baina beste guztia desberdina zen. Hortaz, ezin dugu hitz egin emakumeaz, emakumearen aurkako indarkeriaz edo feminismoaz, beti pluralean aritu beharko ginateke.
Herrialde bakoitzean, beraz, orotariko biolentziak topatu dituzue.
Bai, jakina. Zailtasun handienetako bat, niretzat behintzat, nuen material guztia ordenatu eta liburuari estruktura bat ematea izan da. Erakusketa [Pasaiako liburutegietan ikusgai egon zen abenduaren 24ra arte] lurraldeka banatu dugu hori zelako orden posible bat, baina bai, herrialde batean entzundako historia batzuk bat datoz beste herrialde batzuetan entzundakoekin.
Baina tira, egia ere bada herrialde bakoitzak bere berezitasunak dituela eta oso desberdina izan dela batean edo bestean lan egitea.
Antropologikoki, nolako bidea izan da 2018an hasi eta aurten bukaturikoa?
Gizakiekin lan egiten duzun momentutik gidoia etengabe bizirik dago, eta hala egon da lau urtez; azken unera arte proiektu honek ez du izan forma jakin bat, etengabe joan gara berrikusten, galdera berriak planteatzen.
Bidaia bakoitza ikasketa handia izan da, elkarrizketa bakoitza ere bai, eta lana egiteko moduari dagokionez, etengabeko adaptazioa eskatzen dizute halakoek ezinbestean.
Errealitate horrek alertan mantendu gaitu uneoro, beharbada Palestinan funtzionatzen zuten moduek ez zutelako balio Indian, edo Lakota Nazioan. Hori ere erronka bat da kazetari modura ere. Bizirik mantendu gaitu honek lau urtez.
«Elkarrizketatzaile baino lehenago, elkarrizketatu izan naiz kasu askotan»
Eta kazetari bezala, nola sentitu zara?
Lana ez da beti erraza izan; oso gutxitan izan da erraza. Gustatu izan zait, nahiz eta erosoena ez izan, norbaitengana heldu eta lehenik eta behin kristoren galdera bateria jaso dudanean: nor zarete, nondik zatozte, zer egin nahi duzue, zergatik, zertarako, norentzat… Hau da, elkarrizketatzaile baino lehenago, elkarrizketatu izan naiz kasu askotan.
Batzuetan beharbada kritikak ere jaso izan ditugu, eta arrazoi guztiarekin gainera. ‘Zuek hau egiten duzue emakume zuriak zaretelako eta aukera duzuelako’, edota gure opor egunak honetan inbertitzeko aukera eta erabakia hartu ahal izatea ere pribilegio modura ulertzen dut. Horretaz elkarrizketatu batzuk ere jabetu izan dira, eta esan izan digute.
Ez da izan dena gozo-gozo eta leun-leun; kritikak ere egon dira, eta nik modu positiboan bizi izan ditut. Kazetari moduan alertan mantendu nau horrek eta asko ikasi dut. Emakume horien aurrean, nire pribilegioez jabetu na; eta hori ere ongi hartu dut.
Liburua idazteko hiru narrazio estilo erabiltzea erabaki duzu.
Inongo momentutan ez dut pentsatu besteren historiak kontatzera nindoanik; berez, liburuan aukeratu dudan narrazio estiloa, behintzat bolumenaren zati handienean, kakotx artekoa eta zuzena izan da, haien esanak jaso ditut, hitzez hitz. Hori argi nuen, ez nintzen ni izango besteren historia kontatuko zuena; euren hitzak jaso ditut.
Diseinu aldetik oso ongi bereizi nahi izan ditugu gure interpretazio edo hausnarketak, eztabaida edo buruhausteak, eta bestetik, ikusten nuen ezinbesteko kakotx arteko narrazio horiek testuinguruan jartzeko datu objektiboak gehitzea, edo ikerketei erreferentziak egitea, elkarrizketatu ditudan emakumeetako askok ez dutelako inondik inora diskurtso politikorik, edota ez dutelako inolako hausnarketarik egin bizitzen dutenaren inguruan; bizitzen dute, eta hala kontatu digute.
«Ez nintzen ni izango besteren historia kontatuko zuena; euren hitzak jaso ditut»
Horregatik, beharrezko ikusi dut kontaketa modu bakoitzari halako sarrera bat egitea, nolabait irakurlea ere kokatzeko. Hiru narrazio estilo horiek bereizi ditugu, hain zuzen, ez nuelako nire hitzetan inoren historia kontatu nahi.
Azken bidaiatik 2020ean bueltatuta, pandemiak harrapatu zintuzten bete-betean. Etxe ondokoen testigantzak biltzeko probestu zenuten tartea.
Argi genuen euskal emakumeen testigantzak ere jaso nahi genituela, nahiz eta mendebaldea izan, hemen ere badaudelako estoldak eta emakumeei eragiten dieten indarkeria forma askotarikoak.
Maiz esaten da indarkeria fisiko edo esplizitua dela icebergaren punta, ikusten dena, baina horren azpian ikusezina den asko dagoela, eta beste asko hori, edo behintzat horren zatitxo bat, zen jaso nahi genuena.
Maila pertsonalean, zer eman dizu prozesu honek guztiak?
Bidaia bakoitza izugarrizko ikasketa izan da, elkarrizketa bakoitza, eta horiek prestatzeko aurre-produkzio lana. Uneoro egon dira erronka txikiak, gainditu beharreko arazoak, talkak, zaplazteko bat ematen dizuten testigantzak… Eta bai, noski, sekulako ikasketa izan da.
Erabat aldatu nauela edo halako esaldi potoloren bat ez dakit botako nukeen, baina norberaren izaeraren mosaikoa osatzen duten piezak dira halakoak, eta hau, zalantzarik gabe, pieza garrantzitsua izan da.