Jose Angel Rodriguez berrautatu dute sozialistek
Rodriguezena izan da aurkeztutako hautagaitza bakarra, hortaz, Errenteriako PSE-EEko idazkari nagusiko karguan jarraituko du.
Jose Luis Rodriguez. Errenteria-Oreretako talde sozialistak bere Ezohiko Batzarra egin zuen iragan larunbatean euren Tokiko Komitea berritzeko. Herriko Etxeko ospakizun aretoan bildu ziren afiliatuak Udaleko Zuzendaritza Batzordea eta komiteetako ordezkariak hautatzeko.
Jose Angel Rodriguezena izan zen aurkeztutako hautagaitza bakarra, hortaz, ez zen botaziorik egin idazkari nagusia aukeratzeko, eta hark jarraituko du aurrez zuen karguan. 15 pertsonek osatutako hautagaitzak eskatutako baldintza guztiak betetzen zituen, eta aho betez onartu zen egindako batzarrean.
Taldeko idazkariaren karguan Joseba Echartek jarraituko du, eta udal politikako idazkaritzan, berriz, Isaac Palencia udaleko talde sozialistako bozeramailea egongo da. Presidentetzan Miguel Buenek jarraituko du.
Rodriguezek eutsi du “ohore” bat dela “afiliatu guztien batasun, sostengu eta kolaborazioa izatea. Lanean jarraituko dugu Errenteriako biztanleen bizi kalitatea hobetzeko. Indartsu eta prest gaude alkatetzan egoteko, eta gogor lan egingo dugu hori lortzeko egungo egoerarekin bat datozen proiektu eta proposamenekin”.
Horrez gain, gehitu du Herriko Etxea “denentzako irekia” egongo dela, “aholkularitza, kontsultak eta informazioa” jasotzeko. “Pandemiak gure behar eta lehentasunak moldatu ditu, eta kalean egon gara kezkati biztanleen oinarrizko beharrak asetzen saiatzeko. Gure lehentasun nagusia da inor atzean ez geratzea. Biztanleek gure taldean jarritako konfiantzarekin jarraitu nahiko genuke”, berretsi du sozialisten idazkari nagusiak.
