Adineko andreen aurkako indarkeria izango dute hizpide Donibanen
Lurdes Rodrigez Landak eskainiko du hitzaldia, Juanba Berasategin. Indarkeria ikusarazi eta hura desagerrarazteko gogoetak egingo dituzte.
Hilaren 17an (osteguna) Ipes elkarteko Lurdes Rodrigez Landak hitzaldia eskainiko du Adineko andreen aurkako eguneroko indarkeria titulupean. Saioa 19:00etan hasiko da, Juanba Berasategin.
Pasaiako Udaleko Berdintasun Arloak antolaturiko hitzaldian begirunean eta elkartasunean oinarritutako harremanak eraikitzeko gakoak eskainiko ditu Rodrigezek. Egunerokoan emakume helduek jasaten dituzten indarkeria patriarkalak bistaratu, eta jendartean dauden jarrerak ikusarazteaz gain, tratu onetan eraikitako harremanak sortzeko praktika onak eta neurri egokiak izango ditu hizpide.
Gai horiek jorratuz bi helburu nagusi lortu nahi dira: adineko andreen aurkako indarkeria ikusarazi eta testuinguruan jartzea, eta indarkeria desagerrarazteko zenbait gogoeta eta proposamen egitea.
Hitzaldia euskaraz izango da, baina laburpenen bidez, gazteleraz ere jarraitu ahal izango dela eman dute aditzera.
