[Elkarrizketa] «Ahultasuna apaintzera behartzen gaitu gizarteak»
Hamasei kimioterapia saio eta erradioterapiako hemezortzi jaso ditu bularreko minbiziagatik. Hala ere, bideaz gozatu eta «oso ongi pasa» duela aitortu du. Gogorrena ‘gerraostea’ izaten ari zaio.
Bularreko minbiziagatik ez zioten mastektomiarik egin behar izan, baina beste gauza aski galdu dituela aitortu du Marijo Aranak (Astigarraga, 1970). Minbiziaren ezkutuko mamuez mintzatu da, «inork kontatzen ez» duen alde ilunaz, tratamenduaren ondorengo maldan beherako zeharbideaz. «Alta hartzen duzunean gizarteak eskatzen dizu lehengo hura izan zaitezen, eta zuk ezin duzu; sekula ez zara izango».
Sistemaren gabeziak eta maldan gora topatu dituen oztopoak ahoan hartu ditu «paternalismorik gabe», emakume izateak minbiziaren gaitzari gehitzen dion estigma bikoitza bistaraziz.
Gogorrena, «gerra egin ondoren» suntsituriko gudu-zelai batera [bere gorputzera] bueltatzea izaten ari da harentzat, baina bideaz gozatzen ikasi du.
Zein lotura duzu minbiziarekin?
Lanean hasi nintzenetik [fisioterapeuta da], dut harremana minbiziarekin. Drainatze linfatikoa egiten dut eta hainbat emakume eta gizonezko eduki ditut linfedemekin. Tratamendu horiek egunerokoak dira, eta asko kontatzen dizute gaitzari buruz.
Eta nola diren gauzak, kamarada! Bat-batean, egun batean, zuri tokatzen zaizu. Sekula ez nuen pentsatu, hain harreman estua izanik minbiziarekin, inoiz niri gertatuko zitzaidanik. 2020ko Ihoteak ziren, eta hortxe topatu nuen [eskuineko bularra ukitu du], krema ematen. Segituan konturatu nintzen.
Zer antzeman zenuen?
Bi pilotatxo, bata bestearen ondoan. Pentsatu nuen: ‘Agian likidoa da, Marijo!’. Hori larunbat batean izan zen, eta asteartean hartu ninduen ginekologoak. Oso gauza kuriosoa gertatu zitzaidan, eta noski, ginekologoz aldatu nintzen gero. Hark oso arin tratatu zuen. ‘Bo! Hau ez da ezer, hau likidoa izango da’, esan zidan. Eta nik ezetz, ‘ukitu ditut’, esan nion, ‘ez da likidoa’.
Ez zion inongo garrantzirik eman, baina nik bai. Azkenean, papera eman eta mamografia egin zidaten.
«Proba bakoitza azkena izango dela uste duzu, ez dela beste ezer egongo»
Beldurrez joan zinen?
Ez. Pentsatu nuen tumorea hor in situ egongo zela, kiste handi bat bezala, eta hori kenduko zidatela. Aukera guztien artean, onena! [barrez]. Xabierri [senarrari] ez laguntzeko esan nion, konbentzituta hori izango zela, eta bakarrik joan nintzen.
Hor hasi zen bidea; ate bat, bestea eta bestea… Proba bakoitza azkena izango dela uste duzu, ez dela ezer gehiago egongo, baina hortxe dator hurrengoa.
Mamografian ikusten zen nik ukitzen nituenak in situ zeudela, baina gero infiltrante bat ere banuela, eta ez genekien noraino zihoan. Hasieratik esan zidaten handia zela eta bularra guztiz kendu beharko zidatela, mastektomia bat egin.
Nolako tratamendua egingo zizuten?
Onkologo komiteak erabakitako den-dena egin nuen. Dinamika horretan sartuta bata bestearen atzetik dator, dena dago oso araututa. Kimioko hamasei saio, tumorektomia, linfedektomia eta erradioterapia, hemezortzi saio. Eta, benetan, chapeau Onkologikoko pertsonal guztiagatik, lehen garbitzailetik azken medikura.
Hori bai, lehen egunean bertatik atera nintzenean gauza batek harritu ninduen: eskuorri batekin irten nintzen ileordeak non erosi, mikropigmentazioa non egin… Nik ez nuen ez ileorde ez mikropigmentaziorik nahi, eta oso errespetagarria iruditzen zait hainbat emakumek hori behar izatea, oso gauza gogorra baita, baina niri gutxien axola zitzaidana zen, niri bost zein itxura nuen! Banekien alboan nituenak ez zeudela itxuragatik.
Zergatik ez zidaten eman eskuorri bat, adibidez, zein ariketa egin nitzakeen jakiteko? Zientifikoki frogatuta dago kimioterapia hartu aurretik ariketa fisikoa egiteak onurak dituela tratamendua bera digeritzeko. Gainera, ni sare horren barruan nago, Donostia Ospitalea gara, badago errehabilitazio zerbitzu bat, haiekin jarri, bada, harremanetan.
Sailen arteko komunikazio eza prozesuaren gabezietako bat dela uste duzu?
Bete-betean. Hor fisioa ebakuntza ondoren soilik sartzen da. Eta ordura arte?
Ez naiz inor esateko lehen eskuorri hori garrantzitsua ez denik, ezta gutxiagorik ere! Baina niretzako ez zuen inongo garrantzirik. Esan zidaten bakarra izan zen: ‘Ibiltzea komeni zaizu’. Pandemia zen. Ezin zen atera. Etxean badut aukera eskaileretan edo lorategian buelta batzuk emateko, baina beste askok ez. Askotan ez nuen indarrik, baina 100 metro baziren ere, eta arrastaka edo bikotekidearen eskutik ere, ariketak egin, egiten nituen.
Bazenuen terapia modukorik?
Egunero lagunei kanta bat bidaltzen nien. Musika asko gustatzen zait; niretzako, musika gabe, dena grisa da. Sukaldean jarri eta hortxe ibiltzen nintzen, nire ariketak egiten baina musikarekin, eta askotan gerritik gora biluzik.
Noski, 16 eta 18 urteko semeak: ‘Jo, ama!’. Eta nik esaten nien: ‘Aizue, ongi begiratu! Segituan ez dut izango eta!’ [bularra seinalatuz]. Nire despedida modukoa zen.
«Niri bost zein itxura nuen! Banekin alboan nituenak ez zeudela nirekin itxuragatik»
Azkenean ez zizuten kendu.
Tumorektomia bat egin zidaten, eta oso polita gelditu da, begira [eskuineko bularra desestali du]. Kimioak izugarrizko emaitza izan zuen eta esan zidaten mastektomiarik ez zidatela egingo. Niretzat, noski, shock-a izan zen. Hainbeste denbora pentsatuz bularra kenduko zidatela, non esan nien: ‘Aizu, pentsa dezaket?’. Denbora asko neraman hori lantzen; ispiluaren aurrean asko egoten nintzen, eta saiatzen nintzen imajinatzen ni neu, hor, orbainarekin.
Beldur nintzen, orduan tumorektomia egin eta bi urtera ez ote zitzaidan beste bat aterako beste bular zati batean. Gaia sekula ez nuen alde estetikotik begiratu, osasun aldetik ari nintzen, eta ez nekien zer egin. Hautu potentea zen. Gainera, erabakia nuen, kentzen baldin bazidaten ez nuela bularra berregingo, hortxe geldituko nintzela nire orbainarekin.
Hasieratik badirudi mozorrotzeko eskatzen dizutela, eta badakit horrek psikologikoki lagun dakiekeela hainbat emakumeri, baina nire sentsazioa beti izan da: ‘Mozorrotu, tapatu minbizia’.
Emakume izatearekin lotura zuzena du horrek.
Bai, bada! Gainera, ezkutatu, zer? Eta berriro diot: errespetu guztiarekin, eta ni ez naiz inor hori epaitzeko. Are gehiago, niri lagunek bi ileorde utzi zizkidaten; nik gurasoak 94 eta 88 urtekoak ditut, eta amarentzako ilea obsesioa zen; beste lotsa batzuk dira, beste heziketa bat… Ileordea lau aldiz jantzi nuen, beti gurasoen etxera joateko.
Beste estigmarik antzeman duzu?
Sexualki ere bai. Niretzako bularrak oso inportanteak dira; ama bezala, bularra eman nienetik nire semeei, baina niretzako, Marijo bezala, sexualki oso garrantzitsua da eta asko maite dut.
Esan izan didate bular bat kenduta bestea dudala oraindik! Ziur naiz gizon bati barrabilak kenduko balizkiote inork ez lukeela halakorik esango, baina gu beti, emakumeak, gutxiesten gara. Ez dakit nork nola biziko duen bere sexualitatea, baina nirean, bularrak oso garrantzitsuak dira. Eta gero, ziur, gabe bizitzen ikasiko nuela; hori bikotearekin ere askotan hitz egin izan dut.
Babestuta sentitu zara.
Bidaia honetan ez nago bakarrik, ez orain eta ez lehen ere. Bikotekideak lana utzi zuen, eta nire ondoan egon da denbora guztian. Psikologorik onena hura izan da, eta familia guztia eutsi duena; ez soilik ni, etxeko guztiak. Eta ez da erraza 54 urterekin lana uztea; begira orain, urte horiekin eta langabezian.
Bere lagun bat urtebete lehenago hil zen bularreko minbiziagatik, eta nire beste bi lagun aurretik; nirea zer-nola izango zen ez genekienez, erabaki hori hartu zuen.
Xabierrena [bikotekidea] ez ezik, semeena ere izugarrizkoa izan zen. Gazteenak esan zidan nik ilea arrasatzerakoan hark ere egingo zuela, eta hala izan zen. Zaharrena nik uste kontzienteago zela arriskuaz. Bere bi lagunen amak joan berri ziren minbiziagatik, beraz, kontuak ez zitzaizkion ongi ateratzen.
«Arrastaka edo bikotekidearen eskutik, ariketak egiten nituen»
Etxean apaindurarik gabe mintzatu zarete minbiziaren arriskuez, ezta?
Guztiaz hitz egin dugu. Semeekin, heriotzari buruz gordinki, ez. Bikotearekin bai, askotan. Semeekin hitz egin dugu heriotzaz baina aukera bat bezala, ezin nien une hartan zama hori jarri gainean.
Hain gaitz hedatua izanik, zergatik aipatzen da hain gutxi jendartean minbizia?
Zuzenean lotzen dugulako heriotzarekin; nik uste hor dagoela gakoa. Minbizia duenak heriotza ikusten du, harekin hitz egiten du, hor parean dauka, eta heriotzari buruz hitz egiteak izugarrizko beldurra ematen digu, ez dugu ikusi ere egin nahi; onarpen hori ez dugu landuta.
Nola hitz egiten da heriotzaz?
Uste dugu gure bizitzaren jabe garela, eta ez gara. Hor, batik bat, hasten da, konturatzen zarenean ez zarela zure bizitzaren jabe. Edozein unetan edozer gerta daiteke, eta zerbait egiteko baldin badago egin behar da, baina ez badago, onartu; eta lehenbailehen, gainera.
Baina bien bitartean, gozatu! Bizi momentua. Nik orain ere ez dakit zenbat biziko naizen, baina ez minbizia izate hutsagatik, istripu bat ere izan dezaket, eta listo. Sekula ez dakigu; hortaz, duguna bizitu behar dugu, gauza xumeak, ondoan duguna ikusi, begiak ireki, hor daude. Ez dugu beste munduko ezer behar, funtsezkoa dena goxotasuna da, hor alboan norbait dagoela jakitea, ez zaudela bakarrik, beti duzula esku bat. Oso inportantea izan da, nire kasuan, entzuna sentitzea; zortea izan dut zentzu horretan.
Laguntza psikologiko profesionalik izan duzu?
Ez zidaten eskaini, baina lehen egunetik galdetu nuen ea halakorik ba ote zegoen, eta oso eskertuta nago. Bikoteak bere aldetik izan zuen psikologoa, eta nik niretik. Semeentzat ez zegoen; hori hutsunea iruditzen zait.
«Nire sentsazioa beti izan da: ‘mozorrotu, tapatu minbizia’»
Horrez gain, izan ditut lagunak… uf. Zenbat eta zenbat sorpresa eraman ditudan! Noski, ni ez naiz sortzez oiartzuarra, Xabier da Gurutzekoa, baina benetan, oso babestuta sentitu naiz. Pasada bat jendeak nola dena eman didan. Eta dramatismorik gabe! Hori gustatu zait. Gauzak argi eta garbi esan ahal izan ditut: ‘Hau puta mierda bat da. Minbizi bat dut eta kristoren putakeria da hau’.
Alta jaso ondoren, nola zaude?
Oso nekatuta. Baina inork ez dizu horri buruz ezer esaten! Ez kimioaren ez radioaren geroko efektuez ere. Erradiatuta nago gorputz guztian, eta lepo aldean ezin dut eguzkirik hartu gutxienez bost urtetan. Horrez gain, noski, fisioa naiz, eta arrisku handia dut kaltetutako bularraren besoan linfedema bat izateko; izan ere, handituta dut.
K2 mendia igo dut, baina ez dut bakarrik igo, jende piloa izan dut alboan, eta gainera bidea markatuta zegoen. Ez nintzen galduko, banekien zer eta nola egin. Eta ez da emakume indartsua edo halako txorakeriarik naizelako! Nik egin behar nuena egin nuen, aurrean nuen bidea jarraitu, aldapan gora egin. Gero egingo nuen negarra, baina orduan ezin nuen, ez nuen denborarik aienetarako.
Eta lasai, gero badago denbora negar egiteko, zeren, halakoren batean, gorenera iristen zara, tontorrera, eta norbaitek diotsu: ‘Listo, egin duzu. Hurrengo urtera arte’. Eta orain, nola jaitsi behar naiz? Beheranzko pendiza batekin topo egiten duzu, eta eskalatu egin behar duzu; eta nik ez dakit eskalatzen.
Han aurrean nonbait ikusten duzu herria, hor urrun, baina bidea egin behar. Zeharbide hori bakarrik egin behar duzu, inork ezin dizu lagundu, eta oso gogorra da hori. Eta hori da inork kontatzen ez dizuna maldan gora zoazenean.
Ez dakizu orain dituzun albo-kalteak noiz arte geldituko diren, edo betirako ote diren. Inork ez dizu esaten, eta galdetzerakoan erantzun argirik ez, eurek ere ez baitakite.
«Erabakia nuen, [bularra] kentzen bazidaten, ez nuela berregingo»
Negua da, eta sandaliekin zabiltza.
Hala ibili behar dut, azkazalak oraindik suntsituta ditut eta hau dena [behatzak eta oinaren punta hartu ditu] ez dut sentitzen, ezta eskuko hatz puntak ere. Kimioarekin ni mendian asko ibiltzen nintzen; orain, ezin. Lorik ez dut egiten; pastilla behar dut, eta ezta horrekin ere ez dut lortzen. Gauza piloa daude.
Bortxatutako menopausia bat da, eta noski, horren efektu guztiak ere hemen daude, gehi gorputzera sartu dizuten kaka guztia. Barrutik zaude hogei urte gainera bota balizkizute bezala. Eta, aizu, dantzatu nahi baduzu dantzatuko dugu, ez pentsa! Baina pitorik ere ez dut balio, lehengoarekin alderatuz behintzat. Eta hori zuk dakizu. Ikusten zaitu inork eta: ‘Zein ongi zauden!’. Hori barrutik darama norberak.
Alta hartzen duzunean gizarteak eskatzen dizu lehengo hura izan zaitezen, eta zuk ezin duzu; sekula ez zara izango. Lanean murrizketekin nago, baina jende askok ez du aukera hori, eta lanpostua galtzen dute. Badago jendea pobrezian, minbizi batengatik! Oso larria da hori. Nire senarra, noski, langabezian dago, ja hasi behar naiz jornada osoan.
Egia da atzera bueltatuta berriro egingo nukeela kimioa, baina albo-kalteek zure bizitza baldintzatzen dute, eta hori jakin behar da. Eta negar egin dut, eta semeei esan diet, dramatismorik gabe: ‘ez, ez nago ondo’. Eta ez da ezer gertatzen ahula izateagatik; ahultasuna apaintzera behartzen gaitu gizarteak, baina azaleratzea baimendu behar da.
«Bikotekideak lana utzi zuen, eta nire ondoan egon da denbora guztian. Psikologo onena izan da»
Aitortu behar da oso inguru potentea izan dudala, zorte handia. Eta ez dakit nire senarrarekin bukatuko dudan edo ez, baina badakidana da hiltzen naizen arte egongo natzaiola eskertuta. Eta semeentzako izugarrizko ikasketa izan da aita lana uzten ikustea, ulertzea benetan zer den inportantea. Familia bat gara, batak bestearekin bat egin dugu. Eguneroko lehentasunak bigarren mailakoak direla konturatzen zara halakoetan.
Auskalo zer gertatuko den, baina beldurrik ez dut. Eta, jo, atzera begira, oso ongi pasa dut! Disfrutatu dut. Ez naiz nire bizitzaren jabe eta joan behar badut joango naiz, ez da inportantea zenbat bizi zaren, nola baizik.
Heriotzarekin hitz egin eta esan dut: ‘Tira, hil behar badut, zein zorteko izan naizen dudan jendea alboan eduki izanagatik’. Hori bai ikasi dudala: gehiagotan esaten ‘maite zaitut’, ‘eskerrik asko’… eta besarkatzen, askotan ez baitago hitz egiteko beharrik.