Energia Berriztagarrien Komunitateko Talde Sustatzailea osatzeko bilera, asteazkenean
Udalak Energia Berriztagarrien Komunitateko Talde Sustatzailea osatzeko bilera antolatu du asteazkenean, 18:30ean Reina Aretoan. Herritar oro gonbidatu dute saioan parte hartzera.
Plaka solarrak Galtzarabordako Kiroldegian. Errenteriako Udalak bilera antolatu du asteazkenean, hilak 9, 18:30ean Reina Aretoan, Errenteriako Energia Berriztagarrien Komunitateko Talde Sustatzailea sortzeko.
Energia Berriztagarrien Komunitatea (EBK) irabazi asmorik gabeko kontsumo eta zerbitzuen kooperatiba bat da, energia berriztagarrietan oinarritutako soluzioen garapena sustatzea xede duena. EBK batean, adin nagusiko edozein pertsona edo entitatek hartu dezake parte, eta udalak herritar oro gonbidatu nahi du saioan parte hartzera.
Errenterian EBKak sortzeko onurak ugari badira ere, udalak honakoei aipamen berezia egin nahi izan die:
- Errenteriako energia kontsumoa eta kontsumo horri lotutako CO2 isurpenak murriztea, herritarron bizi kalitatea hobetzeko.
- Nork bere energia faktura murriztea: kontzientziazio eta eraginkortasun neurriak hartuz edo energia berriztagarriak erabiliz.
- Energia subiranotasuna sustatzea, erabakiak kooperatibako partaideen esku egoteko enpresa handien esku egon beharrean.
- Gizarte kohesio handiagoa bultzatzea, eragileen artean berdintasunez autogestionatzeko.
- Tokiko ekonomia sustatzea, jarduera ekonomikoa izanik, energiaren arloan erabiltzen diren baliabideak Errenterian bertan geratzea baimenduz.
