[Erreportajea] ETSren merkantziak garraiatzeko alternatiba hirukoitza
Tren Geltokiaren Plataformak trenbide-saihesbide berri bat sortzeko planteamendua osatu du, Antxoko bulebarraren herri proposamena babestea xede. Oinarri horren gainean «puzzlea» osatzen jarraituko dute.
Urteak daramatzate Renferen tren geltokiaren birmoldaketak (oraindik data zehatzik ez duten obrekin etorriko dena) antxotarrentzako bulebar berri bat ekar dezan borrokan. Horretarako sortu zen Antxoko Tren Geltoki Berriaren Plataforma (ATGBP), eta 850etik gora bizilagunek babestu zuten herri proposamena, sinaduren bidez.
Orain, arriskuan ikusten dute euren xedea, inguruko zenbait erraldoik (Adif, ETS, Pasaiako Portu Agintaritza eta Algeposa, besteak beste) eskuartean dituzten proiektuengatik.
Plataformaren bozeramaile Eduardo Perez Cortesek hitz gutxitan azaldu du euren helburua: Adifek egun Pasaian duen trenbide sistema erdira laburtzea, orain dauden sei burdinbideak hirura murriztuz. Horrela, geltokia porturantz lekualdatu eta Antxoko barrutiak 13.000 metro koadro berri izango lituzke, irabaziriko espazio berri hori bulebar berde bilakatuz.
Ideia hura ez zen hutsetik sortu: Perez, lanbidez delineatzailea, geltokiaren parean bizi da, Antxoko Nafarroa etorbidean, hain zuzen. Urteak daramatza hark geltokia behatzen eta azpiegitura «gutxiegi» erabiltzen dela sinetsita dago, eta beraz, okupatzen duen lurra optimiza daitekeela, erabiltzen diren trenbideak mantendu eta gainontzeko orubea antxotarrei utziz.
Erraldoien oztopo bi
Bi urtetik gora daramate Adifi Antxoko burdinbidearen erabilera justifikatzeko datu estatistikoak eskatzen, eta «anbiguotasunez beteriko» erantzunak besterik jaso ez dituztela aitortu du antxotarrak. «Erabiltzen ari direla diote, baina ez noiz, zertarako edo nola; daturik ez», deitoratu du.
Joan den urtarrilaren 18an Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak euren erreguei idatziz erantzun zien, honako hitzekin: «Proposamen hori [ATGBPrena] garatzeko behar den eremuak geltokiaren egungo burdinbide-eremuaren zati garrantzitsu bati ere eragiten dio».
Arriolaren arabera, eremu horrekin zuzeneko lotura duten beste hainbat planteamendu martxan dira; kasurako, egungo Antxoko topoaren zubibidetik doazen Euskotren Kargoren merkantzia trenei ordezko trazatu bat bilatzeko plana, eta bestetik, Euskotrenen merkantziak zuzenean Algeposaren pabiloiekin lotzeko saihesbidea diseinatzeko proiektua.
Merkantziak, bidegorri azpitik
Arrisku horien jakitun, berehala ekin zioten lanari antxotarrek, eta alternatiba hirukoitza diseinatu dute: bulebarraren plana, egun Antxo zeharkatzen duten merkantzien garraioa eta Algeposarekin konexioa hiruak batean uztartu dituzte. Azalpen gehiago eman ditu delineatzaileak: «Euskotrenen Herrerako geltokia Adifen Pasaiako burdinbidearekin elkartzean datza, metroko zabalera duen trazatu bat [neurri horretakoak dira merkantzia trenak] egungo bidegorriaren azpitik garraiatuz».
Herrerako geltokia eta Antxoko Adifena altuera berdinean daude [0 kota goiko planoan], eta tarteko bidegorriak horrekiko altuera handia hartzen du bidearen zati garrantzitsu batean. Proposatzen dena da bidegorriaren azpiko lur zati horiek zulatu, hustu eta tunel artifizial bat sortzea, merkantzia trenentzako burdinbidea bertatik igaro dadin. Hori eginda, goialdeko lurrazala —egungo bidegorria— berriro estaliko litzateke, eta azpitik joango lirateke Eusko Kargoren emaria. Goiko muntaian ikus daiteke azken emaitzaren diseinua.
Aipatutakoarekin, Herrera eta Antxoko ETSren merkantzia trenentzako bidea osatuta legoke, baina harago joan dira: «Planteatu dugu Euskotren Kargoren trenek Adifen trazatutik jarraitu ahalko luketela Irunera arte». Adifen trenen burdinbideak ez dira Euskotrenen merkantzia trenen zabalera berdinekoak, baina horiek laugarren errei batekin estutu daitezke. Alboko irudian, ohiko burdinbide bat hirugarren errei batekin osatuta ikus daiteke; horri laugarren bat gehitzea litzateke ideia metro bateko zabalerarekin.
Algeposara arteko atalari dagokionez, trazatu bera probestuko litzateke Herreratik Antxora, eta bertan, desbiderapen bat txertatuz, burdinbidea luzatu eta portura arteko konexioa eraikiko litzateke. Bide hori ez litzateke hutsetik hasi behar, egun portuan badirelako Adifen burdinbideak; horiei laugarren erreia gehitzea litzateke soluzio sinpleena.
«Horra hor irtenbideak!», poztu da Perez, «hiru planak batean, guztiz osagarriak eta Antxoko bulebarra bermatuz». Proiektua Azpiegitura eta Garraioko sailburuorde Luis Pedro Marcori helarazi diote, baita Pasaiako udalbatza osatzen duten alderdi guztiei nahiz ETSko zuzendaritzari ere.
«Zer egingo duten? Auskalo! Guk aurrerapausoak ematen jarraituko dugu». Urrats horiek zeintzuk izango diren galdetuta, bulebarra arriskuan jar lezaketen beste proiektuei buruzko ahalik eta informazio gehien lortzen ahaleginduko dira, horiekin «puzzlea osatzen jarraitzeko».