Lezo-Jaizkibel: lehen ediziotik aurtengora bikoiztu baino gehiago egin da emakumeen parte hartzea
2014ko lehen edizioan 33 emakume izan ziren irteerako lerroan. Aurten, berriz, 70eraino igo da kopuru hori.
Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketa hilaren 20an da. Aurten, izena emana duten 350 kirolarietatik 70 emakumeak dira. 2014ko lehen edizioan 33 izan ziren. Antolatzaileak pozarren daude gorakada horrekin, emakumeen partaidetza beharrezkoa ez ezik, funtsezkoa iruditzen zaielako. Otsailaren 20an Lezoko emakume korrikalarien taldekoak Lilatoiko elastikoak banatzen izango dira, probarekin bat.
Atzo egin zuten lasterketaren aurkezpena. Probaren informazio orokorra emateaz gain, zenbaki bidez hainbat datu esanguratsu eman zituzten. Adibidez, lezoarren parte hartzearena: aurten 82 lezoar izango dira irteerako marran, lehiakide guztien artetik %38. 2014koan 48 izan ziren herrikoak. Datu hori ere oso positibotzat eman dute, antolatzaileen xedea baita Lezoko biztanleen artean kirol zaletasuna, mendi zaletasuna eta naturarekiko errespetua sustatzea.
Partaideen jatorriaren zerrendan sakonduz, gehienak Lezo inguruko herrietakoak direla adierazi zuten antolaketan dabiltzanek: 82 lezoarrez gain, 46 errenteriarrek parte hartuko dute, 42 dira donostiarrak, 36 hondarribiarrak, 35 irundarrak, 10 oiartzuarrak eta 8 pasaitarrak.
Datu gehiago, adinari dagozkionak oraingoan. Esan daiteke 2014tik ‘gaztetu’ egin dela proba. Esaterako: aurtengorako 21 urtetik beherakoen zerrenda 13 pertsonakoa da, 2014an 4koa zenean; 21-25 adin tartekoen partaidetza, berriz, 37 kidekoa da (20 2014an). 31-35 adin tartekoak, ostera, 58 dira (96 2014an), eta 36-40ren bueltan dabiltzanak 56 (92 duela zortzi urte). Jada beterano direnen adin tartean (41etik 60ra) 110 partaide daude aurten, 2014ko 111en aldean. Hortaz: gazte gehiago daude proban, beteranoenek ez dute hutsik egiten, eta bi adin-tarte horien artean dabiltzanak lasaitu egin dira.