Papresak konpromiso zehatzak hartu ditu udalarekin
Momentu honetan fabrika eraldaketa prozesu batean murgilduta dago, eta lan horiek ekainera arte luzatuko badira ere, Papresatik zenbait neurri abiatu dituzte zarata eta kamioien trafikoa berehala hobetzeko.
Papresa Errenteria-Oreretako eragile ekonomiko garrantzitsua da. Duela gutxi Alemaniako industria funts batek erosi zuenetik, eraldaketa prozesu batean murgilduta dago. Prozesu horrek 50 milioi euroko inbertsioa dakar, eta afekzioak eragiten ari da udalerrian, Papresak Errenteriako hirigunean duen salbuespenezko kokapenaren ondorioz.
Bizikidetza hobetzeko eta afekzioek herritarrengan duten eragina murrizteko asmoz, udalak lan-mahai bat jarri zuen martxan iaz Papresako zuzendaritzarekin. Testuinguru horretan, hainbat gai landu dituzte azkenaldian, zaratari, usainari eta hiri barruko kamioi astunen trafikoari lotutako eraginak hobetzeko. Gaur eguerdian eginiko agerraldi batean, Aizpea Otaegi alkateak eta Miguel Sanchez Papresako zuzendariak azaldu dituzte enpresak epe laburrean hartuko dituen neurriak.
Lanak ekainera arte ez dira bukatuko, eta hobekuntzak gauzatzeko denbora bat beharko bada ere, Papresatik hartu dituzten neurri horiek berehalako eragin positiboa izan dezaten eta udalerriko bizi kalitatea hobetu dezaten espero da.
Alde batetik, isolamendu akustikoa duen ate bat jarriko dute apirilerako Askatasunaren Martiriak kalera ematen duen makinaren ate handian, irekita gera ez dadin. Hori dela eta, kanpora ateratzen den zarata murriztuko da. Bestalde, kanpoko hesia ere berrituko da. Automatikoa izango da, eta itxita egongo da beti, ibilgailuren bat sartzeko ireki behar ez bada. Horrekin batera, fabrikako toki horretara iristen den kamioi fluxua nabarmen murriztu nahi da.
Horrez gain, Papresan iritsiera edo irteera duen kamioi astunik ez da Matxaingo biribilgunetik harago joango. Kamioi guztiak saihesbideko sarreratik edo Gabierrotatik sartuko dira aurrerantzean. Fabrikako beste puntu batzuetarako sarbidea enpresaren esparruaren barrutik egingo da. Gabierrotatik sartzen diren kamioiak saihesbidetik sartu ezin direnak izango dira, enpresaren aurrealdera sartu behar dutelako eta ezin dutelako fabrikaren azpiko bidetik egin.
Lantegiaren kanpoalde osoan bizilagunen atseden ordutegia errespetatuko da, eta ezingo dira kamioiak ibili ezta motorrak piztuta eduki gauez, 22:00etatik 07:00etara.
Enpresak abian duen eraldaketa prozesua ekainera arte luzatuko bada ere, obrak bukatu ondoren hobekuntzak egingo dira, eraginak murrizten eta bizikidetza hobetzen jarraitzeko. Eraldaketa horiek jorratzen jarraitzeko asmoz, Papresaren eta Gobernu Taldearen nahia da bilerak egiten jarraitzea.