Eskola Feminista sei tailer berrirekin dator
Eskola feministak martxotik ekainera bitartean antolatu dituen sei tailerren berri eman du. Doakoak dira, baina izena ematea beharrezkoa da parte hartu ahal izateko.
Errenteriako Udalak Eskola Feministaren udaberriko programazioa aurkeztu du, eta sei tailer antolatu dira Emakumeen Etxean martxotik ekainera. 2021eko urrian abiatu zen eskolako zortzigarren edizioa 195 parte hartzailerekin. Udaberri honetarako sei tailer berriren aldeko apustua egin da: lodifobia gorpuztua; bakarrizketa tailerra; emakumeen erotika; autoestimua eta jabekuntza; oinarrizko etxerako brikolajea; eta autodefentsa feminista tailerra.
Antolatu diren saioak egun eta ordutegi ezberdinetan egingo dira, eta aukera zabalak eskaini zaizkie bertaratu nahi direnei. Tailerretako bat lodifobia gorpuztuarena da, eta saio horren helburua da gizartean lodifobiaren inguruan zeharkatzen gaituzten minen eta indarkerien identifikazioa modu kolektiboan osatzea eta burutzea. Lodifobiaren gaia sei egunetan jorratuko dute euskaraz: martxoaren 21ean; apirilaren 4an; maiatzaren 2an, 16an eta 30ean; eta ekainaren 6an, 18:00etatik 20:00etara.
Bakarrizketa tailer bat ere programatu dute, norberaren barne bakarrizketak publikoarekin elkarrizketa bihurtzen saiatzeko. Saio hori bi egunetan landuko da elebitan, apirilaren 2an eta 9an, 10:00etatik 14:00etara.
Beste saioetako bat emakumeen erotikarekin dago lotua. Tailer horretan emakumearen sexualitatearen ezaugarriak ezagutaraziko dira, norberak bere erotika landuz eta esperientziak, beldurrak, kezkak edota ikasketak elkarbanatuz. Tailer hori hamar saioz dago osatua. Elebitan izango da, martxoaren 15etik maiatzaren 31ra bitarteko epean, 18:00etatik 20:00etara.
Autoestimua eta jabekuntza lantzeko tailer bat ere antolatu dute, emakumeen autoestimua eta ahalduntze prozesua nola eraikitzen diren ulertzeko. Tailer horrek gaztelerazko zortzi saio izango ditu martxoaren 24tik ekainaren 9ra bitarteko epean, 15:00etatik 16:30era.
Oinarrizko etxerako brikolaje saioak ere landuko dira, eta helburua da emakumeak etxeko bizitzan autonomoagoak izatea eta oinarrizko brikolajeari buruzko nozioak ikastea. Tailer hori apirilaren 10ean egingo da gazteleraz, 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era.
Azken saioak autodefentsa feminista landuko du. Helburuak honakoak dira: erasoak identifikatzen ikastea; eguneroko bizitzako eraso egoerei erantzuteko eta horiek konpontzeko mekanismoak eta jarduerak bilatzea; eta eskubideez, erantzukizunaz eta gaitasunez emakumeen jabetza ahalbidetuk duen espazio bat sortzea. Tailer hori martxoaren 26an izango da gazteleraz, 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 19:30era.
Era berean, martxan jarraitzen duten eta plazak dituzten jabekuntza tailerretan izena eman daitekeela gogorarazi dute. Honakoak dira tailer horiek: Indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko emakumeen gunea, eta emakume zaintzaileentzako topagunea.
Izen emateak
Eskola Feministak antolatu dituen tailer guztiak doakoak dira, eta izenak emateko epea irekita egongo da otsailaren 18tik 28ra. Bi bideetatik egin ahal izango da inskripzioa: aurrez aurre ZU! arreta zerbitzuaren bidez, edo bide telematikoa baliatuz.
Horrez gain, interesdunek Eskola Feministari buruzko informazioa nahi badute, Emakumeen Etxean bertan edo 943 44 96 30 telefonora deituta jaso ahal izango dute.