"Lezo bai, Eskola Kirola ere bai"
Eskola Kirolan dabiltzan Lezoko haurrei herriko koloreekin elastikoa eman diete. Egitasmoaren garrantzia nabarmendu dute arduradunek.

Eskola Kirola programan parte hartzen duten haur lezoarrek oparia jaso dute. Elastiko bana eman die Lezoko Eskola Kiroleko Batzordeak. Eskertze keinua izan da, “urteetan egiten duten lana eta jarduerarekiko atxikimendua eta alaitasuna” aitortzeko. Hala, kamiseta jantzita, Eskola Kirolan ere lezoarrak direla adieraziko dute haur horiek, harro. Lezoko Udalak haurrei gonbita luzatu die egitasmoko partaide izan daitezen.
Nora Azkuek eman dizkie elastikoak haurrei. Lezoko Eskola Kiroleko koordinatzailea da. “Lezo-Eskola Kirola binomioa gauzak ondo egiten ari direnaren marka da, eta bada garaia hori kaleratzeko. Badirudi kirolaren praktika eta kirol hastapena beste era batera planteatzen duten agenteek indar handiagoa dutela gure medioetan. Gure ustez, ondo eta presarik gabe egindako lanak, kirolarien garapen integralari garrantzia ematen diona, babesa beharko luke. Medioek lan hori zabaldu beharko lukete”, adierazi du Azkuek.
Kirol esparruaz gain, komunitatea sortzeko lanabesa da Eskola Kirola horren sustatzaileen ustez, “komunitate orekatu, parte hartzailea. Sortzen diren liskarrak modu egokian bideratzeko gai dena. Garaia da gure eredua aldarrikatzeko eta jarduera zoragarri hau herrian eta herri bizitzan errotzeko”.
Azkuek nabarmendu du ikerketa zientifikoek aholkatzen dutela haurren kirol hastapena Eskola Kirolaren antzeko ereduekin gauza dadila, “bai pertsonek bizitza aktibo luzea izan dezaten, bai errendimendu maila hobeak lor daitezen”.

Nora Azkue da Lezoko Eskola Kiroleko koordinatzailea.