Bidelagun
Ez dut inoiz jakin nire burua aurkezteko modurik egokiena zein den. Txikitan horrela irakatsi ziguten: «Ni Lierni naiz, 25 urte ditut eta Pasaiakoa naiz». Orden horretan izaten zen gainera: izena, adina eta nongotarra. Akaso, laugarren ezaugarri bezala gustuko zenuen zerbait gehitzeko proposatzen zizuten: «Ni Lierni naiz, 25 urte ditut, Pasaiakoa naiz eta marraztea gustatzen zait». Gaurkoan, ordea, ez naiz horrela aurkeztuko, nahiz eta daturen bat edo beste jada eman dizuedan.
Ez naiz gai liburu zientifiko bat irakurri eta ulertzeko, ezta nobela bat bi egunetan irakurtzeko ere. Ez nintzateke gai izango miresten dudan pertsona bat zuzenean ikusi eta betidanik ezagutuko banu bezala besarkatzeko. Eta esaldi bat trabatu gabe azkar ahoskatzeko ere ez naiz gai. Are gutxiago ispiluaren aurrean dantzatzen dudan moduan jendaurrean dantzatzeko.
Ez da ohikoa gure desgaitasunak onartu eta lau haizetara zabaltzea. Normalean, gure bertsiorik onena azaltzen dugu eta gai ez garena ezkutatu. Egiteko gai ez naizen gauzak zerrendatzen aurkeztuko banintz beti, nire burua gutxietsiko nuke, bai nik eta baita zeuek ere. Baina egin dezaket, egoera pribilegiatu batetik idazten dudalako, izan ere, zorte handia izan dut nire inguruan jaio nintzenetik sinetsi dutelako nigan. Gorputzeko atal guztiak bere tokian eta zentzumen bikainak ditudalako, psikomotrizitate ona edukitzeaz gain, espresatzen badakidalako eta baita hazten joan ahala intelektualki baremoen artean nengoelako.
Pertsona askoren bidelagun naizelako ere sentitzen naiz pribilegiatu. Inporta zaizkidan pertsonak zaintzea gustatzen zait eta modu batean edo bestean jasotzea ere baloratzen dut. Konpartitzea bezalakorik ez dago, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek dioten bezala, «eman eta jaso, jaso eta eman, ba al da ederragorik?». Lagunen lagun izatea gustatzen zait, eta pertsona hauek ere hala dira. Ez naiz nire familiaz ari, edo txikitako lagunez, edo bikoteaz. Nire desgaitasunak identifikatu eta onartzen irakatsi didatenez ari naiz.
Pertsona langileak dira, egunero lanera gogoz edo nagi pixka batekin bada ere, borondatez azaltzen direnak. Konprometituak dira, ausartak eta indartsuak. Kuriosoa da azken bi adjektiboak fisiko jakin batekin lotzen ditugulako askotan, baina kasu honetan ausardia mentalaz ari naiz, indar mentalaz. Lezioak ematen dizkidate egunero, etxera beti iristen naiz irakaspen berri batekin. Haien eskubideengatik borrokatzen dute, galdera asko airean utziz, norbaitek zentzuzko erantzun bat emateko zain.
Errutina bat jarraituta galtzen ez diren pertsona horien bidelaguna naiz, eguna antolatuta hobeto sentitzen diren pertsonez. Duten jarrera goxo eta alaiarekin egunak argitzen dizkidate, baina esan dudan bezala, pertsonak dira eta min ere hartzen dute, min fisikoa zein psikologikoa. Batzuk erraz adierazten dute, baina beste batzuei gehiago kostatzen zaie, ez baitakite zer den sentitzen dutena. Edota adierazita ere ulertuta sentitzen ez direlako gorde egiten dute. Izan ere, batzuetan ulertzea zaila egiten zaigu.
Etorkizunaz hausnartzen dugu, gustuko eta kalitatezko etorkizun bat bilatzeko asmoz, norberak, berea. Bizitza independentea eskubide bat denez, pisua lagun batzuekin konpartitzea da batzuen ametsa, bikotearekin konpartitzea besteena. Batzuen ilusioa ezkontzea da, beste batzuena bidaiatzea. Reality batean parte hartu nahi duenik ere badago, eta baita aktore izan nahi duenik ere. Dantzari, antzerkilari eta margolari izan nahi dutenak, asko.
Baina gizarteak desgaitu etiketa jartzen die, aipatu ditudan gaitasun horiek guztiek ezertarako balioko ez balute bezala. Eta bidea oztopoz beteta dute, kostatzen zaigulako haiengan sinestea eta gauza asko egiteko gai direla ikustea. Hementxe naukazue, bizipenak konpartitu eta elkarrengandik ikasteko irrikaz, niretzako ere erronka potoloa baita barrukoari HITZA jartzea!