Mozioak sartuko dituzte helduenei banku kudeaketak errazteko
Duintasuneko pentsiodunek eta PSE-EEkoek mozioak sartuko dituzte astearteko plenoan pertsona helduenei eta zaurgarrienei bankuetarako irisgarritasuna errazteko.

Asteartean, hilak 22, plenoa egingo da udaletxean, eta bi mozio sartuko dira bankuekin eta adineko pertsonekin zerikusia dutenak. Horietako bat Duintasuneko pentsiodunek sartuko dute, otsailaren 7ko mobilizazioetan iragarri zuten moduan. Bestea, PSE-EEkoek proposatuko dute.
Pentsiodunak kritiko azaldu ziren otsaileko elkarretaratzean, eta aurrera eramango dute mozioa Euskal Herriko zenbait herrietan egin den moduan. Digitalizazioak eta pandemiaren egoerak bankuetan aldaketa nabarmenak sartu dituztela salatu dute pentsiodunek. Alde batetik, herri txikietan banku eta sukurtsal asko itxi dituztela zehaztu dute, eta helduenek euren herriak utzi behar dituzte bankura joateko. Horrez gain, egun dugun egoera baliatuta, aurrez aurreko atentzioa kendu eta ordutegiak murriztu dituztela eutsi dute, eta askotan bankuen atarietan pilatzen diren ilarak “lotsagarriak” direla aitortu dute. Egoera horien harira, banku kudeaketa asko internet bidez egin behar dituzte, arrakala digitala nabarmena denean.
Hori dela eta, 65 urte baino gehiagoko pertsonentzat “lanaldi osoan zehar zuzeneko arreta bermatzea” eskatu dute, eta bankuei eskatu diete “ahalik eta itxarongela handienak ahalbidetzea bankuen atarietan pilatzen diren ilarak saihesteko eta itxaronaldiak kalean ez egiteko”.
PSE-EEren aldarriak
Errenteria-Oreretako PSE-EEk ere mozioa sartuko du astearteko plenoan “bankuek eta administrazioek helduentzako zerbitzuak eta komunikazioak erraztu” ditzaten eskatzeko. Sozialisten aldarri nagusia da “pertsona zaurgarrienek, horien artean helduenek, arreta pertsonalizatua izatea, inor baztertua ez izateko”.
Esklusio finantzarioa sortzen ari den “problematika” dela eta, sozialistek eutsi dute “garrantzitsua” dela pertsona zaurgarrienak babestea, haiek duten “babesgabetasuna” gainditu ahal izateko.