Sinadurak bilduko dituzte pertsona atzerritarrak erregularizatzeko
Estatuan bizi diren 500.000 atzerritarren egoera erregularizatzeko Herri Ekimen Legegilea jarri dute martxan. Larunbat goizean Niesseneko plazan egongo dira sinadurak biltzen, 11:00etatik 13:00etara.
Estatu mailan bizi diren 500.000 pertsona atzerritar erregularizatzeko estatu mailako Herri Ekimen Legegilea abiatu dute. Helburua da 500.000 pertsona horientzako 500.000 sinadura biltzea abuztua bitarte, ondoren aurkeztuko den testua kongresuan eztabaidatzeko. Euskal Herri mailan GOT eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteek egiten dute deia, eta larunbat honetan, hilak 19, Errenteria-Oreretako Niessen merkataritza guneko plazan egongo dira sinadurak jasotzen, 11:00etatik 13:00etara. 18 urtez gorako eta Espainiako NANa duten pertsonek sinatu dezaketela aipatu dute.
Ekimen horrek pertsona atzerritar horien “ezohiko erregularizazioa” eskatuko du, “lan eta egoitza baimena” lortu dezaten. Egoera irregularrean bizi diren pertsona horiei “eskubide sorta mugagabe bat ukatzen” zaiela salatu dute, pandemiak areagotu dituenak. Dinamika horrek pertsona horiekiko “zaurgarritasun eta babesgabetasun espiral bat” sortzen duela nabarmendu dute, “gizarte bazterkeria handitzen” laguntzen duena. Hori dela eta, beharrezkoa ikusten dute “haien estatus migratzaile irregularraren eraginez pertsona horiek pairatzen duten ikusezintasun eta eskubide gabeko egoera iraultzea bermatzen duten mekanismoak bilatzea”.