Astelehenean hasiko dira Galtzarabordan topoaren trazatu berriaren lanak
Lanen ondorioz, geltokiaren eta kiroldegiaren alboan dagoen parkea okupatuko dute langileek. Udalak inguruko bizilagunei informazioa eman die.

Altza-Galtzaraborda topoko trazatu berriaren lanak astelehenean hasiko direla iragarri dute Errenteriako Udalak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS). Lan horiek Antxon izango dute eraginik nabarmenena (lur azpiko geltokia egingo dute han), baina Errenteria-Oreretan ere izango ditu afekzioak, gehienak Galtzaraborda auzoan. Saihesbide berriaren helburua da Altza-Galtzaraborda artean bi erraileko bidea osatzea (lanak bukatutakoan 7,5 minutuko maiztasuna izan dezan garraiobideak), eta Antxon geltoki berria egiteaz gain, bertako trenbidearen zubia kentzea.
Errenteria-Oreretari dagokionez, udala jada hasi da lanek eragina izango duten inguruko bizilagunekin informazioa partekatzen, zehazki, Galtzarabordako eta Alabergako auzo elkarteekin bildu da, ETSko kideen laguntza izan dutela azalpen teknikoak emateko.
Hasteko, lurpeko saihesbide berria egiteko hondeaketa lanak bi frontetik hasiko direla jakinarazi diete bizilagunei. Lehena Antxokoa da, eta bigarrena herriari dagokiona: Geraleku, Parke eta Irumugarrieta kaleek inguratzen duten Galtzarabordako geltokiaren inguruan dagoen parketik hasiko dira. Hori dela eta, datozen lau urteetan parke hori lanengatik okupatua egongo da, beraz, Geraleku, Parke eta Irumugarrieta kaleetatik, eta kiroldegiaren atzealdean dauden parkerako oinezkoentzako sarbide guztiak etengo dituzte.
Lanetarako kamioien sarbidea Aiako Harria kaletik egingo da, Horregatik, inguruko trafikoa berrantolatuko dute: noranzko bakarrekoa da egun kale hori, eta bitarakoa bihurtuko dute. Horrek kiroldegiaren inguruan aparkatzeko plazen galera ekarriko du, baina plaza horiek Alabergako aparkalekuen gainean dagoen plazan egingo duten parkinarekin konpentsatuko dira. Aparkaleku berria gehienbat gauerako parkina izango da, 54 plazakoa. Tarteka, Irumugarrieta kalea ere erabiliko dute beharginek obretara sartzeko.