EPLEko bi bikote pala motzeko finalerdietan izango dira
Euskal Ligako pala motzeko txapelketan, EPLEko bi bikote izango dira finalerdietan. Horrez gain, trinketean ere EPLEko bikote batek finalerako sarrera bilatuko du asteburuan.
Asteburuan bukatu ziren kluben arteko Euskal Ligako Ohorezko Mailako pala motzeko eta eskuz binakako Ohorezko Mailako ligaxka faseak, eta EPLEko hiru bikotetatik, bik finalerdietarako sarrera lortu dute. Eyheramendi eta Ruben izan dira sailkapena lortu duten bigarren eta azken bikotea. Ostiralean Aterperen aurka 30-40 galdu bazuten ere, ostegunean Altzan 40-34 lortutako garaipenak balio izan die finalerdietara pasatzeko. Egoera, baina, bitxia izan da, izan ere, EPLEko, Armintzako eta Teniseko bikoteen artean puntutara egon den berdinketa hirukoitza EPLEko bikotearen aldekoa izan da, eta finalerdietan izango dira.
Aipatutako bikotearekin batera, Ezkerro eta Abel ere finalerdietan izango dira. Bikote horrek aurrez lortu zuen sailkapena bere taldean bigarren bukatu ondoren.
Finalerdirik gabe eskuz binakako Etxezarreta eta Aranguren geratu dira. EPLEkoek 22-5 galdu zuten Irurtzunen eta hurrengo fasera igaro ezinik geratu dira.
Hortaz, pala motzeko bi bikoteak dira finalerdietara sailkatu diren bakarrak. Eyheramendy eta Ruben Kureneko bikotearen aurka ariko dira nor baino nor Sopelan, eta Ezkerro eta Abel Lagun Artea klubeko bikotearen kontra lehiatuko dira Sestaon.
Trinketean ere finalerdietan
Gipuzkoako eskuz binakako trinkete txapelketako Lehen Mailako ligaxka fasea ere asteburuan bukatu zen. Pala motzean pasa den bezala, trinketean ere berdinketa hirukoitza izan da EPLEko bi talde eta Mundarroren artean. EPLEko bikoteetako batek sailkapena lortu du Mundarrorekin batera, eta euren artean lehiatuko dira asteburuan. Garailea Behar Zana klubeko bikotearen aurka ariko da finalean.