Udalak bizikleta bideak hobetu ditu
Herriko hiru puntutan egin dituzte berritze lanak oinezkoen eta bizikleta erabiltzaileen arteko harremana hobetzeko.
Zumardiko bidegorri zatia. Errenteria-Oreretako Udalak hainbat lan egin ditu oinezkoen eta bizikleta erabiltzaileen arteko harremana hobetzeko. Guztira, hiru eremutan egin dira hobekuntza lanak: Pasaiako saihesbidearen biribilguneko irteera Kaputxinoak auzoarekin lotzeko tartean; Nafarroa Hiribideko 75-73 zenbakien pareko autobus markesinaren atzealdean; eta Nafarroa Hiribideko Lehendakari Agirre plazaren pareko autobus markesinaren atzealdean.
Kaputxinoak auzora sartzerakoan eta bertatik irteterakoan ibilgailuen abiadura handia dela ikusita, bi bideak estutu dituzte, gehienez ere 30 km/h-ko abiaduran joan daitezen. Horrez gain, hobekuntza horietan, semaforo horretako zebra bidea eta bizikleten bidea zabaltzeko aprobetxatu da. Horrela, bizikleta erabiltzaileek semaforoaren ondoan horizontalean zain egoteko aukera izango dute, eta ez inklinatuta, orain arte gin duten bezala.
Nafarroa Hiribideko 75-73 zenbakien pareko autobus markesinaren atzealdean, autobusetik jaisterakoan bizikleta bidea zeharkatzen duen jendearen arazoa konpondu nahi izan da. Horretarako, dagoen bidegorria moztu da, eta hura zeharkatzeko lehentasuna oinezkoek izango duten pasabide bat sortu dute. Gainera, bidegorriko aglomeratu gorria altxatu da eta tarte osoa aglomeratu gorriz asfaltatu da berriro.
Nafarroa Hiribideko Lehendakari Agirre plazaren puntuari dagokionez, galtzadarria berriz bete da, bizikletan ibiltzea erosoagoa izan dadin. Horrez gain, txirringa bidea bera margotu da oinezkoentzako pasabidearekin eta beharrezko seinale horizontalekin.
